Ekonomia -

CORRUGADOS AZPEITIA

Alkortak, Tapiari: "Ez da borondate politiko kontua, legedi kontua da"

Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Azpeitiko alkateari sinesgaitza iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak "legezkoa ez den proiektu bat" defendatzea.

Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media.
Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea.
Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Corrugados Azpeitia enpresa berriro zabaltzeko aukera dela eta sortu den polemikaren aurrean, zorrotz erantzun dio Nagore Alkorta Azpeitiko alkate (EH Bildu) eta Eudeleko lehendakariordeak Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuari. Azken horrek atzo esan zuen, Azpeitiko Hirigintza Planaren arabera, Corrugados berriz irekitzea posible izango litzakeela, eta, horrenbestez, oztopo bakarra "politikoa" dela.

Alkortaren arabera, ez da egia Tapiak esandakoa, eta, orain arte duten informazioaren arabera, Hirigintza Planaren kontra legoke herrigunean dagoen enpresa berrabiaraztea.  Hori dela eta, Udalaren erabakien aurrean "errespetua" eskatu dio sailburuari, eta argi esan dio ez dela "borondate politiko kontua", "legedi kontua" baizik. Hala, "sinesgaitza" iruditzen zaio legezkoa ez den proiektu bat defendatzea Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek.

Horrekin lotuta, halaber, gai hau hedabideetan nola zabaldu den ikusita, harrituta dagoela ere esan du Azpeitiko alkateak. Horren irudikoz, "oso arraroa da" gaia hedabideetan izaten ari den oihartzuna, Udalak, oraindik, proiektuaren xehetasunak ezagutzen ez dituenean. "Horrelako gai bat mahai baten bueltan eztabaidatu aurretik, inplikatuta dauden aldeekin, hedabideetara aireratzea oso arraroa da", esan du

Gaiaren inguruko galdeketa bat egiteko aukerari buruz galdetua, Alkortak esan du momentu honetan aukera hori ez dagoela mahai gainean. "Gai honekin, oraingoz, herri galdeketa bat egitea ez da aukeretako bat. Behin proiektua bere osotasunean ezagututakoan eta Corrugados berriro abian jartzeko legezko aukera bat balego, herritarrek parte hartu behar dutela iruditzen bazaigu, orduan bai, galdeketa ez genuke baztertuko", esan du.

Berretsi duenez, Azpeitiko Udalak jarri du mahai gainean aukera bideragarri bat: Corrugadosen jardueraren zati bat herrigunetik atera eta Trukutxo eremura eramatea.  Horren harira, ziurtatu duenez, enpresako buruzagiekin izandako bilera batean "aukera hori aztertzeko prestutasuna" agertu zuten, hasiera batean, baina "arrazoi ezberdinak tarteko", jarrera aldatu zuten. Alkateak uste du "Jaurlaritza prest balego aukera hori aztertzeko", enpresak ere kontuan hartuko lukeela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Azpeitia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak