Ekonomia -
Azpeitia
CL taldeak Corrugadosen jarduna berriro martxan jartzea "erraztuko" du Jaurlaritzak
Arantxa Tapiaren esanetan, "gainditzeko modukoak dira" Extremadurako talde horrek, ingurumenarekin eta hirigintzarekin lotuta, bidean aurki ditzakeen "oztopoak".
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Extremadurako Cristian Lay (CL) taldeari, Corrugados Azpeitia enpresaren instalazioen jabe denari, laguntzeko prest agertu da Eusko Jaurlaritza, Azpeitian jarduera siderurgikoa berriro martxan jar dezan, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak esan duenez. Enplegu berriak sortzea ekarriko luke horrek. Gainera, Tapiaren esanetan, "gainditzeko modukoak dira" ingurumenarekin eta hirigintzarekin lotutako "oztopoak".
Agurainen izan da ostegun honetan Tapia, non arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Azpeitiko Udalak egingo duten bilerari buruz hitz egin duen. Tapiaren iritziz, afera horren inguruan, irizpide oso antzekoak dituzte gaurko bilerako ordezkari guztiek.
Azaldu duenez, CL enpresa taldeak laguntza eskatu die euskal erakundeei "Azpeitia inguruan desagertuta zegoen jarduera horri berrekiteko aukera proposatuz".
Halere, Ekonomia Garapenerako sailburuak onartu du enpresa horrek bi korapilo dituela askatzeko. Alde batetik, Udalari dagokion jarduera urbanistikoa aipatu du. Bestetik, ingurumenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso behar luke CLk.
Jaurlaritzak aztertutakoaren arabera, "baldintza zorrotzagoak" bete beharko lituzkete horretarako, araudia aldatu baita. Ildo horretan, ziurtatu du CL prest dagoela baldintza horiek betetzeko, zorrotzenak baita, eta beharrezkoak diren inbertsioak egiteko.
"Gaurko bileran Jaurlaritzak azalduko die bidean dituzten oztopoak "gainditzeko modukoak" direla, eta hortik aurrera xehetasunetan sartuko dira.
Konfidantza
CL sekula sektore siderurgikoan egon ez bada ere, Tapiak argi utzi du talde horrek dibertsifikatzeko gaitasuna erakutsi diela. Horretarako, GES Bizkaiaren kasua jarri du adibide gisa.