Ekonomia -
KORONABIRUSA
Euskadi Turismo Bonuaren epea 2021eko abenduaren 31ra luzatu da
Bonuak apirilaren 13tik aurrera erabili ahalko dira eta deskontuak bost, hamar eta 20 eurokoak izango dira, establezimendu edo jardueraren arabera.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoak turismo bonuen epea luzatu du 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra erabiltzeko. Era berean, enpresak atxikitzeko prozesu berri bat ireki du bere garaian inskribatu ez ziren eta orain inskribatu nahi diren enpresentzako, eta martxoaren 26an amaituko da
Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Aldundiekin, hiru hiriburuetako Udalekin eta EUDELekin batera, "Euskadi Bono Denda" eta "Euskadi Turismo Bonua" deskontu-bonuak merkaturatzeko akordioa sinatu zuen 2020an, pandemiaren kalte handienak jasan dituzten sektoreetako biri laguntzeko.
Ezarritako murrizketengatik eta mugikortasun-mugengatik, Turismo Bonua ezin izan zen aktibatu, eta, beraz, bere epea luzatu zen pandemiaren egoera hobetu arte. Gaur, bonuak erabiltzeko epea berriz luzatu da, eta 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra erabili ahalko dira.
Gainera, bihar (martxoak 12), enpresak atxikitzeko prozesu berri bat irekiko da, martxoaren 26ra arte. Horrela, bere garaian inskribatu ez ziren eta orain egin nahi duten enpresek webgunean egin dezakete. Ondoren eguneratuko dira plataformako eduki guztiak establezimendu berriekin, eta apirilaren 13tik aurrera egongo dira erabilgarri.
Bonuak 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erabili ahalko dituzte, eta ez da beharrezkoa izango bonuak aldez aurretik eskuratzea; aukeratzen diren establezimenduetan (programari atxikitakoak) eskatu beharko dira. Atxikitako establezimendu eta enpresa guztiak ikusgai egongo dira webgunean.
Deskontu-bonuak hiru modalitatetan erabili ahalko dira. Lehenengo eta bigarren modalitateak ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduta, eta bost edo hamar euroko deskontuak egingo dituzte 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketak eginez gero. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da, ostatuetan 60 eurotik gorako ordainketei aurre egiteko. Gehienez bi bonu eskuratu ahalko dira establezimendu bakoitzean, eta gehienez ere 40 euroko deskontua egingo da pertsonako.