Ekonomia -

Lan-gatazka

Tubacexek kaleratzeei ekingo die, negoziazioak porrot egin ostean

Hasieran batean 124 izango dira kaleratzeak, baina kaleratze boluntario gehiago espero dituzte. LABek baieztatu du protestatzen jarraituko dutela, eta salaketak prestatzen ari direla.

Tubacexeko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
Tubacexeko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
Tubacexeko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubacexek Lan Erregulazio Txostena ezarriko du Laudioko eta Amurrioko (Araba) lantegietan, eta gaur gaurkoz, 124 izango dira kaleratzeak. Gainera, langile guztiei Aldi Baterako Erregulazio txostena ezarriko die, zuzendaritza eta langileen ordezkariak ados jartzeko negoziazio prozesuak porrot egin ostean.

Sindikatuetatik jakinarazi dutenez, enpresak ez du bertan behera utzi erregulazio txostena, langileen ordezkarien eskaerari muzin eginda, eta orain zuzendaritzak 15 eguneko epea du txostena lan agintarien esku uzteko eta kaleratuen zerrenda emateko.

Horrela amaitu da negoziazio prozesua, zuzendaritzak lan erregulazio txostena eta 800 langileentzako aldi baterako txostena iragarri zuenetik abian jarritakoa.

Asteotan zenbait batzar egin dituzte, baina jarrerak ez dira gerturatu. Enpresak uste du egiturazko arazo ekonomikoa duela, bere produktuen jomugan dauden sektoreetako krisiagatik: petrolioa eta gasa.

Baina langileen ordezkariek uste dute, arazo ekonomikoak onartu arren, unean unekoak direla, eta horregatik behin behineko neurriak defendatzen dituzte.

Hasieran 150 kaleratze proposatu zituen zuzendaritzak, baina gero 136ra jaitsi zuen kopurua. Gainera, 12 langilek aurre erretiroa hartzea proposatu dute, beraz, 124 izango dira kaleratuak.

Are gehiago jaitsi liteke kopuru hori borondatezko kaleratze gehiago egonez gero. Orain arte, LABen arabera, 12 izan dira aukera hori eskatu dutenak, baina zuzendaritzak ukatu egin die 2ri. Astelehenean amaituko da eskaerak egiteko epea.

Zuzendaritzak urteko 45 eguneko kalte-ordaina emango die langile horiei, gehienez 24 hilabete, eta 2012a baino lehenagoko antzinatasunarekin; eta hortik aurrerakoei 33 eguneko kalte-ordaina emango die, gehienez 24 hilabete, Jonatan Garcia LABen ordezkariak azaldu duenez.

Langile guztiei ezarriko dieten Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostenaren kasuan, enpresaren asmoa martxoan bertan hasi eta irailera arte luzatzea da, eta langileek % 40 bakarrik egingo dute lan, eta gainerako % 60a langabezian egongo dira.

Bilera eta protestak

Negoziazioaren azken batzarra Bilboko erdiguneko hotel batean egin dute, Laudioko lantegi batean egitea aurreikusi bazuten ere.

Langileak otsailaren 15etik ari dira greba mugagabea egiten, eta gaur eserialdia egin dute zuzendaritzako kideak zeramatzan autobusari bidea ixteko.

Zuzendaritzak batzarra egiteko lekua aldatu du, baina han ere dozenaka langile elkartu dira, Ertzaintzaren zaintzapean.

Langile batzordeak salatu du batzartokian sartu direnean "gaizkile gisa" tratatu dituztela, miatu egin dituztelako eta motxilak begiratu dizkietelako "zuzendaritzaren laguntzarekin".

Sindikatuek azpimarratu dute "borroka" ez dela amaitu, eta berdin jarraituko dutela Lan Erregulazio Txostena bertan behera utzi arte. Horren harira, langileen jarrera eskertu dute.

LABen esanetan, sindikatuetako zerbitzu juridikoak salaketak prestatzen ari dira txostena atzera botatzeko, baina oraindik ez dakite noiz sartu ahal izango dituzten. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Krisi ekonomikoa Araba Tubacex Lana ABEEE Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Metalgintza Aiaraldea