Ekonomia -
Lan-gatazka
Tubacexeko langile-batzordeak auzitara joko du kaleratzeen kontra
Enpresak 136 behargin kaleratzea eta gainerakoei aldi baterako lan-erregulazioa ezartzea proposatu du. Sindikatuek akordioa lortzea ezinezkotzat jo dute eta langileek greba mugagabean jarraituko dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Tubacexeko langile-batzordeak amaitutzat eman du kaleratzeak saihesteko zuzendaritzarekin duela hilabete hasi zuen negoziazioa, akordio batera heltzea ezinezkoa dela iritzita, eta, ondorioz, sindikatuek auzitegira joko dute beharginen eskubideen defentsan.
Lan-erregulazio espedientea negoziatzeko epea asteazken honetan bukatuko da. Laudioko eta Amurrioko lantegietan 800 behargin inguru daude. Enpresak 100dik gora kaleratu nahi ditu eta gainerakoei aldi baterako lan-erregulazioa ezarri nahi die.
"Datozen orduetan zerbait oso arraroa gertatu beharko litzateke, biharko bileran ituna egin ahal izateko", adierazi du Jonantan Garcia LABeko ordezkariak.
Hasiera batean, zuzendaritzak 150 langile kaleratzea proposatu zuen eta gero zifra hori 136ra murriztu zuen. Halaber, 12 beharginek borondatezko erretiroa hartu dute eta beste 12k lana borondatez uzteko eskaintza onartu dute, horietako biren eskakizunak atzera bota badituzte ere, LABek jakinarazi duenez.
Gauzak horrela, une honetan lan-erregulazio espedienteak 114 langilerengan izango luke eragina.
Gaurko batzarrean, lanpostuari uko egiteko baldintzak pixka bat hobetu ditu zuzendaritzak: 2012a baino lehenagoko langileei 45 eguneko kalte-ordainak ordainduko dizkiete lan egindako urte bakoitzeko; 2012tik aurrera iritsi zirenei, berriz, 33 eguneko kalte-ordainak jasoko dituzte.
Ezustekorik ez bada, biharko bilera akordiorik gabe amaituko da, eta une horretatik aurrera enpresak 15 eguneko epea izango du lan agintaritzari jakinarazpena igorri eta kaleratzeak gauzatzen hasteko.
LABeko ordezkariak azaldu duenez, sindikatuetako zerbitzu juridikoek prest dauzkate lan-erregulazio espedientea geldiarazteko demandak, baina oraindik ez dute zehaztu noiz aurkeztuko dituzten epaitegian.
Bitartean, langileek otsailaren 15ean abiarazi zuten greba mugagabean jarraituko dutela azpimarratu dute.