Ekonomia -

Energia

Hidrogenoa sortzeko lantegi bat eraikiko dute Bizkaian Petronorrek eta Senerrek

120 milioi euro inbertituko dituzte bertan. Dena den, faseka eraikiko dute Portugaleten kokatuko omen duten fabrika.

Petronor Muskiz. Argazkia: EFE (artxiboa)
Petronor Muskiz
Petronor Muskiz. Argazkia: EFE (artxiboa)

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petronor eta Sener enpresek elektrolizatzaileen (energia moduan erabilgarri izango den hidrogenoa sortzeko aparatuak) lantegi bat eraikiko dute Bizkaian. Aurreikusitakoaren arabera, aurten hasiko dituzte eraikitzeko lanak, eta 2022an ekingo diote jardunari. Litekeena da lantegia Portugaleten egitea, eta 50-60 lanpostu berri sortuko dituzte lehen fasean eta 100 bigarrenean.

Hidrogenoa sortzeko, uraren molekula bere bi osagarrietan (hidrogenoa eta oxigenoa) disoziatu behar da, korronte elektrikoa erabilita.

Lantegi berri hori eraikitzeko, Belgikako John Cockerill bazkidearen laguntza izango dute. Hasiera batean, Petronor hidrogenoarekin hornituko du bazkide horrek, eta, ondoren, asmoa da mundu osoan saltzea.

Petronorrek Muskizen duen findegian sinatu dute astelehen honetan fabrika berria eraikitzeko ituna Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak eta Jorge Sendagorta Cudos Senerreko kontseilari delegatuak. Esan bezala, 120 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta lantegia faseka eraikiko dute. Hau da, urte batzuk igaroko dira fabrika erabat eraiki arte.

Duela gutxi aurkeztutako Hidrogenoaren Euskal Korridoreak duen 34 proiektuetako bat da aipatutakoa. Guztira, hiru instalazio izango ditu.

Lehena Petronorren esku egongo da, eta 2022. urtearen amaieran hasiko da martxan. 2 MW-eko potentzia izango du, eta hidrogeno berritzailez elikatuko ditu Abantoko Teknologia Parkeko instalazioak.

Bigarrenak (Petronorren, EVEren eta Enagasen esku egongo da) 10 MW-eko elektrolizatzailea izango du. 2024an ekingo dio lanari, eta Bilboko Portuan kokatuko dute. Erregai sintetikoen lantegira zuzenduko du ekoizpena.

Hirugarrena 2025erako aurreikusi dute. 100 MW-erainoko elektrolizatzailea izango du. Petronorren deskarbonizazio prozesuan hartuko du parte, eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen beharrak hornituko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete Bizkaia Petronor Muskiz Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak