Ekonomia -
Kontrol saioa
Garamendik lan eskaintza publikoak nahi ditu behin-behinekotasunarekin bukatzeko
Baina deialdiak aurrera eramateko “segurtasun juridikoa” bermatzea eta plantillak berrantolatzea “ezinbestekoa” dela uste du sailburuak.
E. L. | EiTB Media
Behin-behinekotasunarekin bukatzeko Eusko Jaurlaritzaren apustua lan eskaintza publikoak normalizatzea dela defendatu du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak. Baina deialdiak aurrera eramateko prozesu guztien “beharrezko segurtasun juridikoa” bermatzea eta plantillak berrantolatzea “ezinbestekoa” dela uste du sailburuak.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, enplegu publikoaren “behin-behinekotasun handiaz” galdegin dio Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak sailburuari.
Euskadi “enplegu publikoan behin-behinekotasunaren txapelduna” bihurtu dela kritikatu du Hernandezek, milaka emakume eta gizon langileren bizitzan “ondorio larriekin”. “Enplegu publikoan parekorik ez duen ezegonkortasunak beharginen lan baldintzei negatiboki eragiten die”, nabarmendu du.
Azaldu duenez, Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) arabera, Euskadiko sektore publikoan behin-behinekotasuna % 40koa da, “Estatuko erkidego gehienen eta enplegu pribatuko behin-behinekotasunaren oso gainetik”. Gutxi gorabehera, sektore pribatua baino 17 puntu gehiago eta gainerako erkidegoen batez bestekoa baino 13 puntu gehiago.
Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen ahotan, egoera “enplegu publikoa sortzeko borondate eskasean oinarritutako eredu baten sintoma da”. Sindikatuek apirilerako greba orokorra deitu dutela gogorarazi du Hernandezek, Eusko Jaurlaritzari “pribatizazio eta azpikontratatze politika amaitzea” eskatzeko, eta “azken urteetan deitutako lan eskaintzak nahikoak izan ez” direla salatzeko. Era berean, “kontratu programekin edo zeregin-pilaketa kontratuekin egiten den iruzurra” salatuko dutela gaineratu du koalizio moreko ordezkariak.
“Negoziazio kolektiboa aktibatzeko” beharra aldarrikatu du Hernandezek, Jaurlaritza funtzio publikoko sindikatuekin esertzeko eta bide-orri bat “negoziatzeko eta adosteko”, “behin-behinekotasun izugarriaren arazoari” heltzeko, eta “oso handi egin den bolari buelta emateko, geldiarazten gero eta zailagoa delako”.
Administrazioko “behin-behinekotasun handiaren jakitun gara”, esan du Garamendik, eta Jaurlaritzak “bere erantzukizunari muzin egin” nahi ez diola zehaztu du. “Lan eskaintza publikoak egitea baldintzatu dute faktore exogenoek”, nabarmendu duenez, hala nola, Estatuko aurrekontuek legeetan jasotako berritze tasak. Ondoren erantsitako tasa gehigarriak edo egonkortze tasak “nahikoak ez dira izan”, gogorarazi du.
Sailaren erroketariko bat “behin-behinekotasun handia ahalik eta gehien murriztea da”, errepikatu du sailburuak. Legealdiko lau urteetan Administrazio orokorrean eta beste sektore batzuetan 10.000 lanpostu baino gehiago deitzeko asmoa dutela adierazi du.
Azkenik, behin-behineko behargin bezala Administrazioan lanean urteak daramatzaten pertsonen eskarmentua “posible den neurrian” aitortzeko borondatea agertu du Garamendik, horretarako bidea errazten duten prozeduren bidez. “Zalantza barik, eskarmentua eta jakituria eskaintzen duen kolektibo bat da, bazterrean uztea luxua eta galera litzateke”, adierazi du.