Ekonomia -
Araba
Aiarak bi orduko lanuztea egin du enpleguaren eta bizi-kalitatearen defentsan
Amurrioko eta Laudioko denda, ostalari eta zerbitzuek modu masiboan itxi egin dute 11:00etatik 13:00etara, ELA, LAB, ESK eta Steilasek deituta. Lanuzteak “erabateko arrakasta” izan duela uste dute.
E. L. | EiTB Media
Laudioko eta Amurrioko industria, saltoki, ostalaritza eta zerbitzuetako beharginek bi orduko lanuztea egin dute ostiral honetan, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, Aiara eskualdeko enpleguaren eta bizi-kalitatearen defentsan.
Denda, ostalari eta zerbitzuek modu masiboan itxi egin dute 11:00etatik 13:00etara. Eskualdeko behargin ugari lantegietatik eta enpresetatik atera dira, manifestazioetan parte hartzeko.
Laudioko mobilizazioan Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELAko eta LABeko idazkari nagusiek hartu dute parte.
“Aiaraldean enplegu eta bizitza duinak!” lelopean egindako bi manifestazioak bukatu ondoren, manifestu bateratu bat irakurri dute lau sindikatu deitzaileek. Deialdiaren “erabateko arrakasta” azpimarratu dute, eskualdearen egoera “kezkagarriaren” aurrean. “Lanpostuen deuseztatzea, lan baldintzei erasoak, enplegu prekarioa eta zerbitzu publiko askoren egoera”, zerrendatu dituzte.
Tubacex eta Valvospain
Tubacex eta Valvospain konpainietako langileei aipamen berezia egin diete deitzaileek. Tubacexeko beharginek 134 kaleratze eta guztientzako lan-erregulazioa dute mahai gainean, eta Valvospainekoek 79 kaleratze “berehalako itxierarekin”.
Sindikatuen hitzetan, “icebergaren tontorra” besterik ez da, bi konpainia horiei enplegua deuseztatzen izan diren dozenaka enpresa, “bidegabe” erregulazioan izan diren langileen eta eskualdeko enpresa txiki, autonomo, ostalaritza eta saltoki igarotzen ari diren egoera “zaila” gehitu behar zaizkielako.
“Gure eskualdea, biztanleak eta langileak egoera kritikoan daude, eta sortu ez dugun krisi honen ondorioak guk ordaintzea ez dugu onartuko”, ohartarazi dute sindikatuek. Gaur ez da kanpaina baten amaiera, Aiaran “enplegu eta bizitza duin baten aldeko borrokaren” hasiera baizik, gaineratu dutenez.
"Kaleratze traumatikoak murrizteko bideak bilatzea", eskatu du Urkulluk
Laudioko eta Amurrioko lantegietan “kaleratze traumatikoak murrizteko bideak bilatzea” eskatu die Iñigo Urkullu lehendakariak Tubacexeko zuzendaritzari eta sindikatuei, “birkokatzeen, aurretiko erretiroen eta eszedentzien bidez”.
Kontrol saioan, Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak lehendakariari Tubacexeko lan-erregulazioa “irmo errefusatzeko” eskatu dio, 150 langile kaleratzea suposatzen duelako.
Hernandezen ahotan, enpresak planteatzen dituen kaleratzeak ez dira beharrezkoak Tuabcexen bideragarritasunerako. Diru-laguntza publikotan 8 milioi euro baino gehiago jaso dituen enpresa baten “iruzurra” da, erantsi duenez.
Aurreko krisialdi ekonomikotik hodi sektoreak zailtasunak dituela gogorarazi du Urkulluk. Orduz geroztik, egoerak okerrera egin du, eta trantsizio energetikoak baldintzatutako arlo bat da, azpimarratu duenez.
Eusko Jaurlaritza “aspalditik” lanean ari dela azaldu du lehendakariak. Zentzu horretan, Arantxa Tapia sailburuak Austriako egoitza bisitatu zuen, eta iragan astean zuzendaritzarekin zein enpresa-batzordearekin bildu zela gogora ekarri du Urkulluk. Hortaaz, Exekutiboaren “arreta” eta “interesa” begi-bistakoa dela uste du.
Jaurlaritzak elkarrizketaren eta bitartekaritzaren bidea planteatu duela gogorarazi du agintariak, enpresaren egoera “kritikoa” gainditzeko.