Ekonomia -

2020ko balantzea

Euskadik BPGren % 9,5eko beherakadarekin eta enpleguaren jaitsierarekin itxi du 2020

Jaitsierak sektore guztietan eman dira, batez ere merkataritzan, ostalaritzan eta garraioan (% -12,3) eta industrian (% -12,2). Enplegua, berriz, % 8,1 jaitsi da.

Laugarren hiruhilekoan BPGren urte arteko uzkurdura % 7,6koa izan da. Argazkia: EFE.
Arrandegi bateko langile bat.
Laugarren hiruhilekoan BPGren urte arteko uzkurdura % 7,6koa izan da. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak (BPG) % 9,5 egin du behera 2020an, sektore guztietan egin du behera, batez ere merkataritzan, ostalaritzan eta garraioan (-% 12,3) eta industrian (-% 12,2), eta % 8,1eko beherakada izan du enpleguan, Eustatek ostiral honetan argitaratu dituen datuen arabera.

Lurraldez lurralde aztertuta, urteko balantzea atzerapausoekin itxi da: % 9,5 Araban, % 9,6 Bizkaian eta % 9,3 Gipuzkoan.

2020ko laugarren hiruhilekoan, eta hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, EAEko Barne Produktu Gordina % 0,5 igo da, eta aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, berriz, Barne Produktu Gordinak % 7,6 egin du behera.

Enpleguak, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, % 6,3 egin du behera 2020ko azken hiruhilekoan, eta urteko hirugarren hiruhilekoko mailari eutsi dio ia.

Kalkulu horiek egin ziren unean eskura zegoen informazio ekonomiko koiuntural guztia jasotzen dute, eta 2021eko urtarrilaren 18ko hiruhileko kontuen aurrerapenean lortutakoak berresten dituzte, Eustatek adierazi duenez.

Laugarren hiruhilekoan, BPGren urte arteko uzkurtzea % 7,6koa izan da, Espainiako ekonomiarena baino txikiagoa, urte arteko beherakada % 9,1ekoa izan baita.

Jaitsierak apalagoak izan dira eurogunean (% 5), Europar Batasunean (% 4,8) eta Estatu Batuetan (% 2,4), baina joera antzekoa da kasu guztietan.

"Industria hilabetez hilabete hobetzen ari da, baina zerbitzuek jarduera berreskuratzeko zailtasun gehiago dituzte"

2021era begira, EAEko ekonomia % 8,6 igotzea espero du Eusko Jaurlaritzak, eta langabezia tasa % 9,8an geratzea, 15.700 lanpostu sortzeari esker.

Sektorez sektore aztertuta, lehen sektorea % 9,3 jaitsi da, industria eta energia % 11,8 (industria soilik kontuan hartuz gero, jaitsiera % 12,2koa izan da) eta eraikuntza % 9,5ekoa. Zerbitzuen sektoreak % 8,5 egin du behera, batez ere, merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren sektorean.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak sare sozialetan adierazi duenez, "industria hilabetez hilabete hobetzen ari da" eta "konfiantza pixkanaka-pixkanaka itzultzen ari da", baina "zerbitzuek jarduera berreskuratzeko zailtasun gehiago dituzte" eta enplegua "suspertzea gehiago kostatuko" zaiola onartu du, "BPGren aldaketei atzerapenarekin erantzun ohi dielako".

Laugarren hiruhilekoko datuak

BPGa % 0,5 igo da aurreko hiru hilabeteekin alderatuta, eta % 7,6 2019ko epe berarekin alderatuta. Arabak eta Gipuzkoak % 7,3 behera egin dute, eta Bizkaiak % 7,9, baina % 1,1, % 0,7 eta % 0,1 igo dira, hurrenez hurren, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Laugarren hiruhilekoan BPGren atzerakada orokorra izan zen sektore guztietan eskaintzaren ikuspegitik, administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean izan ezik, azken horretan apur bat gora egin baitu.

Urteko azken hiruhilekoan enplegua % 6,3 jaitsi da, baina egonkor mantendu da aurreko hiru hilabeteekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Merkataritza Koronabirusa Industria Telelana Eustaten datuak BPGd Espainia