Ekonomia -
Alarma egoera
Pandemiagatik langileak kaleratzea ilegala dela berretsi du EAEko Justizia Auzitegiak
Auzitegiak argitu du ezin direla birusarekin lotutako arrazoiengatik beharginak kaleratu. Ebazpenak eztabaida sor lezake GTSen, Matricerias Deuston, Aernnovan eta PCB-ITPn dituzten epaiketen aurrean.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bigarren epai batekin berretsi du alarma egoeran ezin direla langileak kaleratu, baldin eta horretarako pandemiarekin zerikusia duten arrazoiak erabiltzen badituzte. Oraingo honetan, aldi baterako lan kontratua zeukan txartel-saltzaile baten kaleratzea baliogabetu du auzitegi horrek.
Modu horretan, koronabirusarekin lotutako arrazoi ekonomikoengatik beharginak kaleratzeari buruz zeukan irizpidea berretsi du Auzitegi Nagusiak. Ebazpenak polemika sor lezake aurki GTSen, Matricerias Deuston, Aernnovan eta PCB-ITPn aurreikusitako epaiketen aurrean.
Tresneria aeronautikoarekin lan egiten zuen langile baten kaleratzea baliogabetzea erabaki zuten lehenik, eta oraingo honetan gauza bera egin dute Bilboko Udalaren menpe dagoen Emtesport enpresak azpikontratatutako txartel-saltzaile baten kaleratzearekin.
Aldi baterako hainbat kontratu egin zikioten jarraian langile horri, eta iazko martxoaren 31n, alegia, konfinamendu betean, kalean utzi zuten. Lan arloko epaitegiak bidegabetzat jo zuen kaleratzea, baina orain Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du.
"Pandemiak lan arloan eragindako egoeraz baliatuta, ez da bidezkoa inor kaleratzea. Horretarako, justifikatu egin behar da alarma egoerarekin zerikusirik ez duen arrazoi batengatik bota dutela enpresatik", gogorarazi du epaiak.
Dena den, hiru epaileetako baten boto partikularra jaso du ebazpenak. Haren iritziz, nahikoa zen kaleratzea desegokitzat jotzea, hau da, ez zen beharrezkoa baliogabetzea.
Bere iritzia argudiatzeko, Andaluziako eta Madrilgo Auzitegi Nagusietan izandako auziak ekarri ditu gogora, erabaki horiekin bat datorrela argi utzita.
Dena den, gaur emandako epai honen aurrean kasazio errekurtsoa aurkez dezakete, eta Gorenari dagokio auzi honen gaineko azken epaia ematea.