Ekonomia -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Ertzaintzaren eta udaltzaingoen lan eskaintzarako probak martxoaren 27an hasiko dira
Lehendabiziko azterketa 08:15ean egingo dute, Barakaldoko BECen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ertzaintzaren eta udaltzaingoen lan-eskaintza publiko bateratuko lehen proba martxoaren 27an egingo da Barakaldoko BECen, Eusko Jaurlaritzak gaur zabaldutako ebazpen baten arabera. Lehen azterketa 08:15ean hasiko da.
Ertzain izateko 700 lanpostu eta 18 udalerritako udaltzain izateko 51 plaza dira eskaintzen direnak. Guztira, 6.671 pertsonak eman dute izena aurtengo lan eskaintza deialdian, aurreko urtean baino % 11,4 gehiago.
Izen eman duten pertsonen % 60k 20 eta 30 urte artean dituzte eta % 24k, ostera, 30 eta 35 urte artean.
51 udaltzainen plazak ondorengo udalei dagozkie: Gasteiz eta Laudio, Araban; Bilbo, Basauri, Bermeo, Durango, Etxebarri, Getxo, Lekeitio eta Portugalete, Bizkaian eta Donostia, Azkoitia, Hondarribia, Irun, Pasaia, Tolosa, Zarautz eta Zumaia, Gipuzkoan.