Ekonomia -

Enplegu publikoa

Osakidetzak lan-deialdi publikorako proposamen berria helarazi die sindikatuei

Osakidetzak ahalik eta azkarren egin nahi du proba publikoa, baina sindikatuek plaza gehiago eskaintzea, behin-behinekotasunarekin amaitzea eta lan-baldintzak negoziatzea eskatzen dute.

Osakidetzako langileen manifestazio bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako langileen manifestazio bat Bilbon.
Osakidetzako langileen manifestazio bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak "ahalik eta azkarren" abiarazi nahi du 2018-2019 urteetako Lan-deialdi Publikoa, pandemiak agerian utzi dituen arazo estrukturalei, belaunaldien arteko erreleboari eta hainbat plan estrategikori aurre egin ahal izateko. Sindikatuek, baina, plaza gehiago eskaintzea ezinbestekotzat jotzen dute.

Osakidetzako Mahai Sektorialak ostegun honetan egin du bilera, deialdi horren baldintzan negoziatzeko asmoz. Zuzendaritzak plaza kopuruaren harira proposamen berria jarri du mahai gainean, baina ez dute xehetasunik eman. Hasierako planak 3.535 lanpostu aurreikusten zituen.  

Horrez gain, Osakidetzak ibilbide profesionala garatzeko prozedura adosteko negoziazioa abiatzeko proposamena helarazi die sindikatuei. Halaber, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana aurkeztu die. Hurrengo administrazio kontseiluan onartuko dutela zehaztu dute.

Bilera amaituta, ELA sindikatuak berretsi du lan-deialdi publiko horretan aurreikusten diren plazak ez direla nahikoa, ez duela behin-behinekotasun tasa altuari -%40koa, sindikatuaren arabera- irtenbidea ematen lagunduko, eta, ondorioz, langileek lan-zama handia jasaten segituko dutela ohartarazi du.

Hala, 5.000 lanpostuko deialdia egin beharko litzatekeela kalkulatu du, eta ondoren beste azterketa publiko bat egin beharko luketela azpimarratu du, behin-behinekoak diren 15.000 lanpostu inguru egonkortze aldera.  

Satse sindikatuak ere hausnarketa bera egin du: deialdi horrek behin-behineko kontratazioaren arazoa konponduko ez duela eta, beraz, prekarietateak bere horretan segituko duela ziurtatu du. Horrez gain, lan-baldintzak negoziatzea beharrezkoa dela adierazi du, azkeneko ituna duela 11 urte egin zela eta "zaharkituta" geratu dela kontuan hartuta.

LAB sindikatuak ere salatu du Osakidetzak proposatutako plaza kopurua ez dela nahikoa. Lanpostuak egonkortzeko deialdiak abiatzea eta azterketa eredu berri bat adostea ezinbestekotzat jo du, "ustelkeriarik izango ez dela bermatzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Sindikatuak Erizaintza