Ekonomia -
Usabal industrialdea
Mubil Elektromugikortasun Zentroak Tolosan ireki du lehen egoitza
Urkulluren esanetan, "gure gaitasun industrialen botere berritzailea bideratzeko eta ekonomia aurreratuago, digitalizatuago eta jasangarriago bat sustatzeko elkargunea izango da".
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroak lehen egoitza fisikoa ireki du Tolosako Usabal industrialdean asteazken honetan. Irekiera ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du "gure gaitasun industrialen botere berritzailea bideratzeko eta ekonomia aurreratuago, digitalizatuago eta jasangarriago bat sustatzeko elkargunea" izango dela.
Besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ane Insausti Mubilen zuzendaria, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Olatz Peon Tolosako udalburua izan dira ekitaldian.
Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren baitan sortu da egitasmoa, eta Jaurlaritzak zuzendutako RIS-3 estrategiaren barruan kokatu dute. Proiektu horren asmoa da "Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasunaren abangoardian ezartzea".
Horretarako, punta-puntako azpiegitura izango du, "Europa Hegoaldean bakarra dena". Horrek mugikortasun inteligentearen eta jasangarriaren erreferente bihurtuko du. Urkulluren hitzetan, "herri proiektu" bat da.
Agerraldian, lehendakariak azpimarratu du Usabalen eraikitako zentroak puntako instalazioak dituela. Halaber, Mubil proiektuaren inguruan esan du "administrazioek eta enpresek partekatzen dituzten eraldaketa prozesuak uztartzen dituela: tekno-digitala eta energia eolikoa".
Bestalde, argi utzi du Tolosako instalazioak martxan jartzea mugarri dela Mugikortasun Berriaren Poloaren eraketa prozesuan. Euskadi Next programan jasotako proiektuetako bat da, hain zuzen ere. Europako diru funtsetatik 86,5 milioi euro erabili behar zituzten horretarako, baina Mubilentzat aurreikusitako aurrekontua 156 milioi eurokoa da.