Ekonomia -

SOLDATA ARRAKALA

Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala urtean 7.200 eurokoa da, EAEn

Zerbitzuen alorrean nabari dira alderik handienak, emakume askok lan egiten duten sektorean hain zuzen ere.

Alderik handienak zerbitzuen sektorean antzematen dira. Artxiboko argazkia: EFE
Sukaldari bat, lanean
Alderik handienak zerbitzuen sektorean antzematen dira. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala urtean 7200 euro ingurukoa da, Eusko Jaurlaritzak soldata arrakalaren aurkako egunaren harira gaur zabaldutako informazioaren arabera. 

Emakumeek 24.757 euro jasotzen dituzte urtean batez beste, eta gizonek, berriz, 31.970 euro. Sektoreka, zerbitzuen alorrean nabari dira alderik handienak, emakume askok lan egiten duten sektorean hain zuzen ere. 

Emakunderen eskariz Sara de la Rica EHUko Ekonomia Katedradunak egindako "Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan" azterlanaren arabera, sexuagatiko bereizketa okupazionala da emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakalan eragin handiena duen faktorea, % 35era arte. Femeninotzat jotzen diren lanbideak okerrago ordaintzen dira.

Ikerketan jasotzen denez, lanbideen feminizazio/maskulinizazio maila faktore erabakigarria da soldata arrakalan, nabarmen handitzen baita lanbide batean emakumeen proportzioak gora egin ahala eta alderantziz.

Gainera, emakumeek malgutasun handiagoko lanak onartu ohi dute lana eta familia kontziliatzeko. Zehazki, lanaldi partziala duten langileen % 80 baino gehiago emakumeak dira. 

Berdintasun diagnostikoak eta planak egiteko laguntzak eskaintzen dizkie Emakundek enpresei

Soldata-arrakala murriztea helburu, diagnostikoak egiteko eta berdintasun planak egiteko laguntzak ematen ditu urtero Emakundek. Diru-laguntza horren zenbatekoa bikoiztu egin da aurten, 200.000 eurotik 400.000 eurora igarota.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak laguntza horiek eskatzera animatu ditu enpresak. Laguntza horiei buruzko informazioa bihar argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Landaidaren hitzetan, "beste neurri batzuez gain, beharrezkoa da enpresetan berdintasunaren kultura sartzea, eta berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egiteak aurrerapen handiak ahalbidetzen ditu ildo horretan".

Bestalde, argitara atera berri den Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen "Soldata-arrakala eta genero-arrakalak lan-merkatuan" inkestaren arabera, inkestan parte hartu duten gehienek uste du berdintasuna sustatzea garrantzitsua dela enpresentzat eta ekonomiarentzat (% 98 erabat ados edo ados), eta Eusko Jaurlaritzak neurri gehiago bultzatzen jarraitu beharko lukeela gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala murrizteko (% 91 eta % 94, hurrenez hurren).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Lana Emakunde argazkiak Ekonomia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Matxismoa Feminismoa gaur Lansariak