Ekonomia -
Lan gatazkak
Greba egunak dituzte aste honetan haur-eskola, jantoki eta eskola garraioan
Haur-eskoletan lanuzteak deitu dituzte asteazkenera arte. Jantokietan eta eskola garraioan, berriz, greba asteartean eta asteazkenean egingo dute.
E. L. | EiTB Media
Haurreskolak Partzuergoko langileak greba egitera deitu dituzte LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek gaurtik aurrera. Hiru greba egun izango dira. Gainera, ELAk lanuzteak deitu ditu jantokietan eta eskola garraioan astearterako eta asteazkenerako.
Haur-eskoletan lanuzteak otsailaren 22, 23 eta 24an izango dira: azken greba egunak duela hilabete, urtarrilean, egin zituzten sektorean.
"Gure etorkizunaren defentsan, Haurreskolak Partzuergoa borrokan" lelopean, akordioak betetzea, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa, lanpostuen egonkortasuna, hezkuntzaren doakotasuna eta integrazioa aldarrikatuko dituzte.
EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak: Gasteizen (11:30ean, Foru plazan), Bilbon (11:30ean, udaletxean) eta Donostian (11:30ean, giza katea egingo dute udaletxetik Hezkuntza Ordezkaritzara).
Aurreko lanuzteetan, sindikatuen arabera, grebaren jarraipena % 65-70ekoa izan zen Haurreskolak Partzuergoan.
Gainera, Euskadiko ikastetxe publiko, pribatu eta itunpeko zentroetan, jantoki eta eskola garraioko beharginek greba egingo dute otsailaren 23an eta 24an. ELAk deitu ditu lanuzteak, Hezkuntza Sailaren eta sektoreko patronalen "erantzun faltaren" aurrean.
ELA sindikatuaren arabera, ikasle guztiei jantoki zerbitzua "ez eskaintzeko erabakia" hartu dute eta "ikasturte honetan eta etorkizunean lan-baldintzak eta lanpostuak mantentzeko bermerik ez dago, baita neurri eta protokolo zehatzen falta ere".
Horregatik, sindikatu abertzaleak beste bi greba egun deitu ditu, iragan irailaren 15ean abiatutako mobilizazio egutegiari eutsiz.
Sindikatuaren hitzetan, Sailaren erabakiek "17.000 ikasle jantoki eskubiderik gabe utzi dituzte, aldi baterako 100 lanpostu deuseztatuz, eta ia beste 100 lanpostu finko ezegonkortasunera bidaliz, baldintza prekarioagoetan covid-19ari aurre egiteko laguntza bezala".