Ekonomia -
FINANTZAK
BBVA aseguruek 594,7 milioiko irabaziak izan dituzte 2020an, % 98,8 gehiago
Bizi-aseguruak ez diren aseguru-primen bidez izandako diru-sarreren gorakadak eta Allianzekin izandako aliantzaren ondorioz lortu ditu irabazi horiek.
EITB MEDIA
BBVA aseguruek 594,7 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2020ko ekitaldian, hau da, aurreko urtean baino % 98,5 gehiago, konpainiak berak jakitera eman duenez. Era berean, aparteko mozkinik gabeko irabazia aurreko ekitaldikoaren antzekoa izan zen.
Erakundearen arabera, kopuru horri Allianzekin egindako aliantza estrategikoaren eragina gehitu behar zaio, 304 milioi euroko gainbalio garbia eragin baitzuen.
BBVAk 2020an Espainiako Estatuan izandako aseguru jarduerari dagokionez, bizi-aseguruak ez diren aseguru-primak 485 milioi euroraino iritsi ziren; beraz, % 1,7eko hazkundea izan zuten urtebetean.
Hazkunde hori gehien bultzatu zuten negozioen artean, hauek daude: etxebizitza aseguruak (% 3 hazi ziren, 248 milioi euroraino), osasun aseguruak (% 9 egin zuten gora, 187 milioi euroraino) eta autoen aseguruak (% 2 handitu ziren, 111 milioi euroraino).
Heriotza-aseguruen primen bidez izandako diru-sarrerak, aldiz, % 11 murriztu ziren, 407 milioiraino, eta BBVA aseguruek guztira jaulkitako primak % 21 murriztu ziren, 1.129 milioi euroraino.
Konpainiaren esanetan, beherakada horren arrazoiak hauek dira: konfinamenduan jarduera txikiagoa izatea, banakako aurrezki-aseguruak ez merkaturatzea interes-tasa baxuen testuinguru jarraituagatik eta BBVA Allianz aseguruak konpainia berriari bizi-aseguruak ez direnen ekarpenagatik.