Ekonomia -
Energy Intelligence Center
Bizkaiko energiaren zentroak 2022an ekingo dio jardunari, 40 milioi inbertitu ostean
Urkulluren esanetan, Energy Intelligence Centerrek sekulako indarra hartuko du Ezkerraldea-Meatzaldeako teknologia parkean, 50 enpresa eta 2.000 lanpostu zuzen sortuko dituelako.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Ezkerraldea-Meatzaldea teknologia parkean egoitza izango duen Energy Intelligence Center zentroa eraikitzen hasi dira astelehen honetan. Sektore energetikoarekin lotutako hainbat enpresek ikerketa eta garapenarekin zerikusia duten jarduerak gauzatuko dituzte bertan, trantsizio energetikoa helburu. Asmoa da proiektua 2022ko udazkenerako bukatzea. Energy Intelligence Center zentroa eraikitzeko 39,7 milioi euroko inbertsioa egin dute.
Gaurko ekitaldi sinbolikoan Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburua izan dira, baita Petronorreko, AMPOko, Tubacexeko, Rubos Reunidoseko eta Vicinayko ordezkariak ere. Enpresa horiek guztiak Energy Intelligence Centerren egongo dira.
Urkulluren esanetan, zentro berri horrek sekulako indarra hartuko du Ezkerraldea-Meatzaldeako teknologia parkean, 50 enpresa eta 2.000 lanpostu zuzen sortuko dituelako eta 800 milioi euroko fakturazioa ekarriko duelako.
Tapia sailburuak aurreratu duenez, 18.938 metro karratuko azalera izango du zentroak, eta ia 40 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan: aurrekontu horren erdia eraikina eraikitzeko erabili dute eta gainerako 20 milioiak ekipamendua erosteko eta barne instalazioetarako (laborategi espezializatuak eta tailerrak, besteak beste).
"Gaur jarri dugun lehen harri honek erronka bat dauka: Euskadi nazioarte mailan energiaren erreferente bihurtzea, sektorean lehiakortasuna bermatuz eta gure enpresen presentzia indartuz", azpimarratu du Urkulluk.
Rementeriaren iritziz, "elektrikoaren aldeko" apustua da Energy Intelligence Center.