Ekonomia -
Protestak
Hego Euskal Herriko milaka pentsiodunek mobilizazioei eusten diete
Pentsioak murrizteko "Bruselaren presioak" eta pandemiaren "aitzakiarekin" neurririk hartzen ez direla salatu dute lau hiriburuetan eta 30 bat herritan.
E. L. | EiTB Media
Milaka pentsiodunek manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 30 bat udalerritan, "pentsio publiko duin, bidezko eta nahikoak" bermatzea eskatzeko. "Pentsiodunei bakarrik ez, datozen belaunaldiei" eragiten dien arazo baten aurrean, pandemiaren "aitzakiarekin" ez dute neurririk hartzen, ohartarazi dutenez.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduek manifestazioak egin dituzte lau hiriburuetan, Espainiako Gobernuri, "atzerapen gehiagorik gabe", 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea eta 2011ko eta 2013ko pentsioen murrizketak bertan behera uztea eskatzeko.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Babestuk, ikasleen sindikatuek, elkarte feministek eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioekin bat egin dute.
Bilbon, protesta 12:00ak aldera abiatu da Moyua plazatik, 'Pentsio publiko duinak' lelopean. Manifestazioa udaletxearen aurrean bukatu da, eta adierazpen bat irakurri dute bertan. "Kongresuak Toledoko Itunaren gomendioak berretsi ondoren, iragarritako murrizketa berriak", errefusatu dituzte.
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
"Borrokari esker" pentsio sistema publikoaren inguruko gezur handiak "agerian" utzi dituzte pentsiodunek, goraipatu dutenez.
Gainera, 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute berriro, baita bizitza kostuaren arabera automatikoki pentsioen balioa handitzea, 1200 euroko gutxieneko soldata, eta pentsio funts eta plan pribatuei zerga-arintzea kentzea ere.
Jon Fano mugimenduko bozeramaileak ohartarazi duenez, pentsioen panorama "oso kezkagarria" da, nahiz eta hiru urte protestan eman eta orain arte "aurrerapauso txikiak erdietsi".
"Benetako arazoek jarraitzen dute, are gehiago, pandemia garaian, neurri seriorik ez hartzeko aitzakia bezala erabiltzen ari direlako", kritikatu du. Aldi berean, berreraikuntzarako funtsak bereganatu ahal izateko, Bruselak gastu sozialak murriztea eskatzea eta "presioa" egitea salatu du Fanok. "Tristeena da, Estatuko Gobernuaren gehiengoak presioen aurrean men egin duela", erantsi duenez.
Bestalde, aste honetan onartutako EAEko aurrekontuak kritikatu ditu, pentsiodunen eskaerak jasotzen ez dituztelako; izan ere, Jaurlaritzak "pentsioak 1080 eurora arte osatzeko gaitasun legala du".
"Ez dago beste erantzun aukerarik, eta egoera zuzentzeko modu bakarra gure mobilizazioak biderkatzea da", nabarmendu du.
Pentsioen arazoak ez die bakarrik egungo pentsiodunei eragiten, "datozen belaunaldiei baizik", ohartarazi duenez. "Guri murrizketa gehiago aplikatzea posible da, baina hartzen ari diren neurriak etorkizuneko pentsiodunak modu basatian zergapetuko ditu", errepikatu du.
Horregatik, emakumeen eta gazteen kolektiboekin batera lan egitearen aldeko apustua egin du, arazoari aurre egiteko. "Inor ez dezala zalantza izpirik izan, nahiz eta pandemian murgilduta egon, ez gara astelehen bakar bat ere geldituko", azpimarratu du.
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE