Ekonomia -
KORONABIRUSA
Arabak ostalaritzarako laguntzen programa berezia abiarazi du
Eskaera bakoitzeko 2.100 eurorainoko laguntza jaso ahalko da eta alokairuak, hipoteka maileguak, autonomoen kuotak, hornidurak eta covid-19arekin lotutako aholkularitza diruz lagunduko ditu.
EITB MEDIA
Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak ezohiko laguntzen deialdia abiatuko du datorren astean, azken hilabeteetan pandemia geldiarazteko ezarritako itxierak eta ordutegien eta edukieren mugek eragindako ostalaritzako establezimenduei laguntzeko.
Deialdiak 500.000 euroko zuzkidura izango du eta diruz lagunduko ditu honako gastu hauek: lokalari lotutako alokairuak eta hipoteka maileguak, autonomoen kuotak, ur eta energia hornidurak eta covid-19aren aholkularitza.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak prentsaurrekoan deialdi hori abiatuko dela iragarri, eta bere ezaugarriak eta helburua azaldu ditu.
Gonzálezen hitzetan, deialdiaren helburua pandemiari lotutako murrizketek gehien erasandako ostalaritza establezimenduei laguntzea da; izan ere, sektore horretako negozio guztiak "gaizki pasatzen ari badira ere, egoera okerragoa da gastu finko garrantzitsuei aurre egin behar dietenentzat, hala nola jarduera egiten den lokalari lotutako alokairu bati edo hipoteka mailegu bati. Horrela, eta gainerakoak ahaztu gabe, arreta berezia jarriko dugu horrelako kasuetan".
Nork lor ditzake laguntzak?
Deialdiaren oinarrien arabera, erakunde onuradun izango dira EJZn alta emandako negozio bat (jatetxe, taberna, kafetegi, txokolategi, izozkitegi, hortxategi edo dantzaleku bat dutenak, esaterako) duten pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerga-egoitza Araban badute.
Laguntzen zenbatekoa
Laguntzen zenbatekoa kontzeptu horiengatik 2020ko azaroaren 1etik 2021eko martxoaren 31ra bitartean egindako gastuen baturaren % 50era iristen da, salbu eta horniduren kasuan, 2020ko azaroaren 1etik eskaera aurkezten den egunera arte ordaindutako gastuak hartuko baitira aintzat. Laguntzek honako muga hauek izango dituzte:
3 langile edo gutxiago dituzten eskatzaileentzat, 1.400 euro.
3 langile baino gehiago eta 6 langile edo gutxiago dituzten eskatzaileentzat, 1.800 euro.
6 langile baino gehiago dituzten eskatzaileentzat, 2.100 euro.
Emakidaren prozedura
500.000 euroko aurrekontuak ez badu uzten eskaera guztiei erantzuten, irizpide jakin batzuen arabera emango dira laguntzak. Diputatuak azaldu du lehentasuna emango dietela herri txiki eta ertaineko taberna, kafetegi eta jatetxeei, izan ere “udalerri horietako toki erakundeek ez dute baliabiderik sektoreari zuzeneko laguntzak emateko” eta “mugikortasun murrizketek gehien kaltetu dituzten negozioak dira”. Langile kopurua izango da bigarren irizpide garrantzitsuena beste batzuen aurretik, hala nola eskaeraren kalitatea eta establezimenduaren altaren data.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Epea Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da (aurreikusten da otsailaren 19an, ostirala), eta 2021eko martxoaren 18an amaituko da, 14:00etan.
Ostalaritzaren sektorerako berariazko laguntza deialdi horretaz gain, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren Sailak beste deialdi bat onetsiko du datozen hilabeteetan, saltegietarako eta ostalaritzarako inbertsioei laguntzeko. Deialdi horrek, besteak beste, diruz lagunduko du jatetxe, taberna eta kafetegiek terrazak instalatzeko eta/edo hobetzeko egiten duten inbertsioa.