Ekonomia -
Arau-hausteak
Lan Ikuskaritzak 18.000 jarduketa egin zituen Euskadin 2020an
794 arau-hauste atzeman zituzten, 3,5 milioi eurokoak. Gainera, 3.047 kontratu erregularizatu zituzten, horietatik % 58 emakumeei zegozkien.
N. B. | EITB MEDIA
Lan Ikuskaritzak, iaz, 18.004 jarduketa egin zituen Euskadin, eta, horien ondorioz, 794 arau-hauste atzeman zituzten, eta horien zehapenak 3,5 milioi eurokoak izan ziren. Horietatik 5.000 inguru covid-19aren pandemiaren aurrean langileak babesteko jarduketak izan ziren.
Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Elena eérez Barredo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan agertu da gaur, iazko Lan Ikuskaritzaren balantzea aurkezteko. Ekitaldi horretako jarduera pandemiaren agerpenak markatu du. Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzalezek lagunduta, sailburuordeak hilabete hauetan Ikuskaritzak egindako lan itzela nabarmendu du, "enpresei lanera segurtasun-neurri nahikoekin itzultzen lagunduz".
Urte atipiko baten ondoren, Perez Barredok azpimarratu du Lan Ikuskaritza "funtsezko tresna dela kalitatezko enpleguaren aldeko borrokan, eta funtsezko erakundea legea ez betetzea baino zerbait gehiago diren legez kanpoko jarduketak jazartzeko, langileentzat ondorio larriak dakartzatelako".
Hori dela eta, aurreratu du 2021ean zabaldu egingo dela kontratazioko iruzurraren aurkako borroka, eta behin betiko kontratazioa ezkutatzen duten aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuak bihurtuko direla. Era berean, lan-merkatuan gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasunarekin zerikusia duten kanpainetan jarriko da arreta, bereziki berdintasun-planen kontrolean, martxotik aurrera ehun langiletik gorako enpresetara zabalduko direnak; amatasunaren arloko betebeharretan, eta ordainsari-desberdintasuneko kanpainan.
2020ko balantzeari dagokionez, urtean zehar 18.004 jarduketa egin ziren, horien % 27,5 (4.965), covid-19k eratorritakoak. Kopuru horren zati handi bat (2.985) arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produkziokoek eragindako ERTEekin lotuta egon da, horiek baitira espediente konplexuenak behar dituztenak. Gainera, ezinbesteko 1.163 aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen jarduketak egin dira (jarduera eragoztea edo mugatzea). Gainera, 647 jarduera egin dira koronabirusaren eraginpean egoteko arriskuagatik, eta 170 errekerimendu egin dira, nahiz eta hautemandako arau-hausteak 8 baino ez diren izan.
Egindako jardueren balantzea aurkezpena. Argazkia: irekia.
Segurtasunerako eta osasunerako eskubidea betetzen dela zaintzeari dagokionez, 4.711 jarduketa egin dira, eta horietatik 1.835 eraikuntzarekin lotuta daude modu batera edo bestera, sektore horretan gertatzen baitira istripu gehien eta larritasun handienekoak. Herri-lanari dagokionez (676 jarduketa), bosten batean errekerimenduak egin dira, baina ez da zehapenik ezarri.
Beste eremu batzuetan gertatu den bezala, pandemiak eragin handia izan du 2020an aurreikusitako jarduketa-planetan, berdintasunaren sustapenari dagokionez. Izan ere, kanpaina hori ezin izan da 150 langile baino gehiagoko enpresetara zabaldu, 2020ko martxoaz geroztik nahitaezkoa, une horretan hasi baitzen konfinamendua. Aurrera egin da 250 langile baino gehiagoko enpresetan. Gainera, hotel-establezimenduetako gelak garbitzeko zerbitzuaren ikuskapena geldiarazi zen, zeinean 2017az geroztik Euskadi aitzindaria izan den. Urtarrilean eta otsailean 18 jarduketa baino ez ziren egin.
Iaz egindako 18.004 jarduketen ondorioz, 794 arau-hauste hauteman dira, eta, guztira, 3,5 milioi euroko zehapenak ezarri dira. Hala ere, Lan Ikuskaritzak azpimarratu duenez, bere helburua "ez da zigortzea, eskubideak bermatzea baizik". Hori dela eta, nabarmendu behar da errekerimenduen bosten bat baino ez dela zehatu. "Horrek esan nahi du irregulartasunak zuzentzen direla", amaitu dute.
Lan-iruzurraren aurkako borrokari dagokionez, enplegurako hain latza izan den urtean, 10.000 kontratu baino gehiago berrikusi dira, eta horien herena eraldatzea lortu da (3.047. Generoaren arabera, % 58,65 emakumeak ziren eta % 41,35 gizonak, eta % 15 inguru lanaldi partzialeko kontratuak ziren, lanaldi osokoak izatera igaro direnak. Eraldatutako gainerako kontratuak aldi baterakoak ziren, eta mugagabeak izatera igaro dira. 2017. urtearen erdialdean horretarako kanpaina espezifikoak abian jarri zirenetik, 19.763 kontratu erregularizatu dira.
Era berean, Elena Perez Barredo sailburuordeak ziurtatu du Lan Ikuskaritzak zeregin garrantzitsua izango duela laster onartuko den 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian, enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa helburu izango duena.