Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Gaur onartuko dituzte EAEko aurrekontuak, pandemia arretagai hartuta

Gehiengo osoaz baliatuta, Jaurlaritzak ez du trabarik izango diseinatutako proiektua onartzeko; alegia, oposizioaren zuzenketek ez dute aurrekontuak onartzea baldintzatuko.

Pedro Azpiazu, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean
Aurrekontuek krisiaren aurkako neurriak indartuko dituztela nabarmendu du Azpiazuk

0:12

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak XII. legealdiko aurreneko aurrekontuak onartuko ditu gaur. Guztira, 12.442 milioi euroko proiektua diseinatu du Jaurlaritzak 2021erako, hau da, aurtengo aurrekontua iazkoa baino % 5,7 handiagoa izango da. Asmoa da horrekin covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sanitarioa arintzea.

Oposizioarekin akordiorik lortu ez badu ere, gehiengo osoaz baliatuta, EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatutako gobernuak ez du trabarik izango proiektua onartzeko; alegia, oposizioaren zuzenketek ez dute aurrekontuak onartzea baldintzatuko.

Kontuak 09:30etik aurrera eztabaidatu eta bozkatuko dituzte Eusko Legebiltzarrean. Zuzenean jarrai dezakezu eitb.eus-en.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak bilera-sorta egin zuen oposizioko alderdiekin itunen bat bilatze aldera, baina ez zuen EH Bildu, PP+Cs eta Vox alderdiekin adostasunik lortu.

Elkarrekin Podemos-IU koalizioarekin, ostera, hainbat kontu aztertu zituzten, baina azkenean ez zuten akordiorik erdietsi. Ondorioz, oposizioko lau alderdiek osoko hainbat zuzenketa aurkeztu zituzten, baita 1.300 zuzenketa partzial ere. Jaurlaritzak ez zuen zuzenketa bakar bat onartu.

Diseinatutako proiektuari dagokionez, gastu erreala 770 milioi euro (% 7,1) handituko du Jaurlaritzak 2021eko aurrekontuetan. Espainiako Gobernuak defizit mugak kendu zituen iaz, baina erreferentziazko defizit bat jarri zuen, BPGaren % 2,2koa. EAEren kasuan, defizit muga 1.785 milioi eurokoa da; hain justu, Jaurlaritzak hori hartuko du zor berri gisa.

Horrez gain, Europako suspertze planetik jasotako dirulaguntzen zain dago Jaurlaritza, nahiz eta oraingoz ez dakien Euskadira zenbat diru iritsiko den, ezta noiz helduko den ere.

Jakina da, bestalde, 10 eurotik 8 Osasunera, Hezkuntzara, Lan arlora eta Gizarte Politiketara bideratuko dituztela.

Halaber, covid-19aren krisiari aurre egiteko plan bat diseinatu dute aurten. Hain zuzen ere, 542 milioi euro gordeko dituzte horretarako. Horietatik 178 milioi osasun materiala berritzeko eta langileak kontratatzeko erabiliko dute; 95 milioi hezkuntza kontzertuetara zuzenduko dituzte eta 32 milioi enpresak finantzatzeko izango dira.

Gainera, beste 29 milioi dirulaguntza sozialetara eta kontziliaziora bideratuko dituzte; 16 milioi alokairuko laguntzetara; 6,5 milioi lan erregulazio espedienteak osatzeko izango dira eta 140 milioi urtean zehar sortu daitezkeen gastuetarako.

Datuak sailez sail aztertuta, Osasunak jasoko du diru kopururik handiena: 4.1983,9 milioi euro (% 6 gehiago). Hezkuntzak, berriz, 3.108 milioi hartuko ditu (% 5,7 gehiago).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak