Ekonomia -

GARRAIOA

CAF-ek hidrogeno bidezko 50 autobus hornituko ditu Austriarako eta Herbeheretarako

ÖBB postbus operadoreak CAF Taldea hautatu du Austriarako 182 autobus hornitzeko, eta horietako 40 Urbino 12 motakoak izango dira, hau da, hidrogeno bidezkoak.

Solaris Urbino 12 hidrogeno bidezko autobusa. Argazkia: CAF
Solaris Urbino 12 hidrogeno bidezko autobusa
Solaris Urbino 12 hidrogeno bidezko autobusa. Argazkia: CAF

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Solarisek, CAF Taldearen filialak, esparru-akordioa sinatu du Austriako errepideetan zerbitzua emango duten 182 autobus modu esklusiboan hornitzeko. Zehatzago esanda, Österreichische Postbus AG operadorea izan da 2021-2023 aldian hidrogeno bidezko 40 autobus eta diesel motako 142 ibilgailu arte emateko hornitzaile potentzial gisa Solaris aukeratu duena.

Österreichische Postbus AGk, eskualdeko autobus-zerbitzuei dagokienez Austrian liderra eta operadore nagusia denak, bere eskarian, alde batetik, hidrogeno bidezko Urbino 12 motako 40 autobus egin nahi ditu. Solarisen gamako ibilgailu berritzaileenetako bat da eta honako hauek dira bere ezaugarri nagusiak: zarata maila oso baxuak, bibrazioen murrizketa eta, batez ere, isurpenik eza.

Bestalde, kontratatuko dituzten gainerako ibilgailuak Euro 6 isurpenen estandar zorrotzak betetzen dituzten propultsatzaileekin ekipatuta egongo dira eta, zehatzago esanda, esparru-kontratuak honako ibilgailu hauek jasoko ditu: aipatu berri dugun modelo horretako Urbino 18 motako 45 autobus, Urbino 12 modeloko 60 ibilgailu, eta Urbino 8,9 LE modeloko 17 autobus.

Solaris 2003tik dago Austrian eta, ordutik, Austriako 40 hiritarako 400 autobus inguru egin ditu. Horien artean daude gaur egun hiriburuan, Vienan, zerbitzua eskaintzen duten 53 autobusak.

Hidrogeno bidezko autobusak Herbeheretarako 

Bestalde, Solarisek eta Holandako Arriva Netherlands airelineak Solaris Urbino 12 hidrogeno bidezko 10 autobus emateko kontratua sinatu dute. Kontratuak jasotzen dituen baldintzen arabera, ibilgailuak aurten bertan emango dizkiete Gelderland probintziari; izan ere, operadore horren asmoa da abenduan zerbitzuan jartzea.

Gelderland Herbeheretako erdialde-ekialdean dago eta herrialdeko probintzia handiena da. 2 milioi biztanle ditu. Joan den urtearen amaieran, Gelderlandeko agintariek Europako JIVE2 (hidrogeno bidezko ibilgailuetarako Europako baterako ekimena) programan parte hartuko zutela iragarri zuten. Ekimenaren helburua da diru-laguntzen bidez garraio publikoan hidrogeno bidezko autobusen kopurua handitzea eta isurpenik gabeko garraio publikoa sustatzea.

Solarisek hornitutako hidrogeno bidez bultzatutako hamar autobusek egungo diesel motako ibilgailuak ordezkatuko dituzte eta, aurreikuspenen arabera, urtean 1 milioi kilometro baino gehiagoko zerbitzua eskainiko dute.

Solaris etxeko lehen autobusak 2017an iritsi ziren Herbeheretara eta, ordutik garraioirtenbide ekologikoak eta abangoardiakoak dituzten ibilgailuen kopuru handia hornitu du herrialdeko eskualde ugaritarako.

Hidrogeno bidezko autobusei dagokienez, ez da Holanda CAF Taldeak fabrikatutako ibilgailu mota hori gero eta bezero gehiago lortzen ari den herrialde bakarra; izan ere, joan den urteko ekainean hidrogeno bidezko Urbino 12 modeloa merkaturatu zutenetik, Solarisek Alemaniatik, Italiatik eta Suediatik ere jaso ditu eskariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Beasain albisteak Albisteak Garraio publikoa