Ekonomia -
Ostalaritzaren itxiera
Tabernen itxieraren aurkako helegitea gaur aztertuko du EAEko Auzitegi Nagusiak
Auziaren muina argitu bitartean, eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko agindua bertan behera uzteko eskatu dute ostalarien elkarteek.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ostalarien elkarteek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuten eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko agindua neurrigabea dela salatuz. Eusko Jaurlaritzaren ustez, berriz, neurri hori hartzea bidezkoa da kutsatze tasa metatuta 100.000 biztanleko 500 kasutik gorakoa denean, eta hala defendatu zuen atzo epaitegian aurkeztu zuen alegazioan.
Ostalarien demandaren arabera, aurten izan diren kutsatzeen jatorria Gabonetako ospakizunekin eta familiarteko topaketekin dago lotuta, eta hori frogatzen saiatuko dira. Jaurlaritzaren esanetan, baina, ostalaritza itxi izanak udalerri horietan kutsatzeen kopuruak behera egitea ahalbidetu du.
Epaimahaia gaur (09:30) bilduko da auzia aztertzeko, eta ostalariek eskatutako kautelazko neurriak aintzat hartu edo ez erabakiko du. Auziaren muina argitu bitartean, eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena eskatu dute ostalarien elkarteek.
Atzo goizean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen argi dutela ostalaritza-establezimenduak ez direla arazoa eta gakoa norbanakoaren jarreran dagoela; izan ere, "toki horietan jateko eta edateko maskara kendu behar da eta hori hemen nahiz beste edozein herrialdetan ikusi dugu", adierazi zuen.
Radio Euskadi egindako beste elkarrizketa batean, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak esan zuen auzi honen harira epaileek hartuko duten erabakia errespetatuko dutela, baina, aldi berean, azpimarratu zuen ostalaritza ixteko agindua inguruko erkidegoetan eta Europar Batasuneko herrialdeetan ezarri dutela.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren iritzian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza elkarteei arrazoia ematen badie, "egoera zaildu egingo da, eremu gorrian dauden herrietan hartu diren neurriak eraginkorrak direla egiaztatu baitugu".
Ostalarien elkarretaratzea Bilbon
Bestalde, ostalariek elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena ematea aldarrikatzeko.
Bezeroei eta hornitzaileei ere mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin diete.
Pandemia hasi zenetik hainbat aldiz ixtera behartu ostean, sektoreko langileak "fisikoki nahiz psikologikoki nekatuta" daudela aitortu dute.