Ekonomia -
Ostalaritzaren itxiera
Tabernak ixtea justifikatuta dagoela esan du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo du gaur eta eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixtea arrazoizkoa dela defendatu du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek EAEko Auzitegi Nagusira jo zuten eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko agindua neurrigabea dela salatuz. Eusko Jaurlaritzak, berriz, kutsatze tasa metatuta 100.000 biztanleko 500 kasutik gorakoa denean neurri hori hartzea bidezkoa dela uste du, eta hala defendatu du gaur goizean epaitegian aurkeztu duen alegazioan.
Ostalarien demandaren arabera, aurten izan diren kutsatzeen jatorria Gabonetako ospakizunekin eta familiarteko topaketekin dago lotuta, eta hori frogatzen saiatuko dira. Jaurlaritzaren esanetan, baina, ostalaritza itxi izanak udalerri horietan kutsatzeen kopuruak behera egitea ahalbidetu du. Epaimahaia astearte honetan bilduko da auzia aztertzeko.
Gaur goizean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du argi dutela ostalaritza-establezimenduak ez direla arazoa eta gakoa norbanakoaren jarreran dagoela; izan ere, "toki horietan jateko eta edateko maskara kendu behar da eta hori hemen nahiz beste edozein herrialdetan ikusi dugu", adierazi du.
Radio Euskadi egindako beste elkarrizketa batean, Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak esan du auzi honen harira epaileek hartuko duten erabakia errespetatuko dutela, baina, aldi berean, azpimarratu du ostalaritza ixteko agindua inguruko erkidegoetan eta Europar Batasuneko herrialdeetan ezarri dutela.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren iritzian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza elkarteei arrazoia ematen badie, "egoera zaildu egingo da, eremu gorrian dauden herrietan hartu diren neurriak eraginkorrak direla egiaztatu baitugu".
Bestalde, ostaleriek elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena aldarrikatzeko. Bezeroei eta hornitzaileei ere mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete.
Pandemia hasi zenetik hainbat aldiz ixtera behartu ostean, sektoreko langileak "fisikoki nahiz psikologikoki nekatuta" daudela aitortu dute.