Ekonomia -

KONTZILIAZIOA

Seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntza gehiago, EAEn

3 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak eta laguntzak martxoaren 1etik aurrera eskatu ahalko dira, eta 2020ko irailaren 1era arteko atzeraeragina izango dute.

Seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak, EAEn. EFEren artxiboko irudia.
Seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak, EAEn.
Seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak, EAEn. EFEren artxiboko irudia.

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak salbuespenezko beste laguntza-ildo bat abiarazi du, familia eta lan-bizitza uztartzeko. Proposamen horren bidez, 2020/2021 ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko diru-laguntza emango da. Horretarako, Familia eta Haurren Zuzendaritzak 3 milioi euro bideratuko ditu.

Orain arte, 3 urtetik beherako semeak eta alabak dituzten familientzako antzeko laguntzak zeuden. Baina, covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, seme-alabak dituzten familiek zailtasun gero eta handiagoak dituzte, eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, salbuespen gisa, ildo berri hori abiarazi du.

Zehazki, agindu berri honen bidez, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian alta emanda dauden pertsonen kontratazioa diruz lagundu ahal izango da. Diru-laguntza enplegu-emaileak Gizarte Segurantzako sistema berezi horri ordaintzen dion zenbatekoaren % 100ekoa izan daiteke, eta errentaren araberakoa izango da. Hala, familia eskatzaileak 20.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua duenean, % 100eko diru-laguntza emango zaio. Handiagoa denean, laguntza % 75ekoa izango da.

Laguntza horiek martxoaren 1etik ekainaren 30era eskatu ahalko dira, baina atzeraeragina izango dute, 2020/2021 ikasturte osora, 2020ko irailaren 1etik ekainaren 30era, biak barne. Laguntza horiek eskabideak aurkezteko hurrenkerari jarraikiz esleituko dira.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileek lanaldi osoari dagokion iraupeneko lanaldia izan beharko dute, lan-jarduera egiten duten sektorean, familia ugarien kasuan izan ezik; azken horretan, gurasoetako bat lan-murrizketan egotea onartuko da. Langilea gutxienez 59 egun naturalez kontratatu beharko da; egun horiek ez dute zertan etengabeak izan.

Motibazioa

Pandemiaren egungo testuinguruan, seme-alabak dituzten familiek zailtasunak dituzte kontziliatzeko, eta lan egiten duten guraso askok  zaintzaileak kontratatzea erabaki dute, beren lanak seme-alabek behar dituzten arretarekin eta zaintzarekin bateragarri egin ahal izateko. Horrela, hein handi batean, erantzukizun hori amonek edo aitonek edo familiako nagusienek beren gain ez hartzea erabaki dute.

"Agindu honen helburua emakumeek beren lana eta lanbide-karrera garatzen jarraitu ahal izatea da batik bat eta, aldi berean, etxeko lanaren eta etxe barruan egiten den zaintza-lana aitortzea. Hori guztia krisiak desberdintasunak areagotu ez ditzan eta emakumeek eskubideak baliatzeko orduan atzerakadarik eragin ez dezan”, esan du Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Lana berriak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Umeak azken ordukoa