Ekonomia -
Administrazio publikoa
ELAk lanpostu publikoak egonkortzeko "premiazko konponbideak" eskatu ditu
EAEko Administrazioaren Funtzio Publikoaren Mahaiaren bileraren aurrean elkarretaratzea deitu du sindikatuak, astelehenean, eta beste sindikatuei ere mobilizatzeko deia egin die.
EITB Media | Agentziak
ELAk "premiazko konponbideak" eskatu dizkio Eusko jaurlaritzari, sektore publikoko langileen postuak egonkortzeko, astelehenean EAEko Administrazioaren Funtzio Publikoaren Mahaiaren bileraren harira. Gainera, Exekutiboak "urratsak emateko asmorik"ez duela salatu du eta ohartarazi du "benetako urratsak" soilik "mobilizazio eraginkorra" badago emango dituztela.
Egun horretarako, astelehenean, sindikatuak elkarretaratzea deitu du, 15:00etan, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Mahai Orokorraren bilera, deitoratu duenez, "sektore publikoko langileak egoera larrian daudela" gertatuko da. Izan ere, 100 000 pertsonatik gora azpikontratatuta daude, behin behinekotasun tasa % 40koa da, eta erosteko ahalmenaren galera, % 13koa.
Gainera, ohartarazi du lanpostu publikoen tasa "Europako batezbestekotik oso behera dagoela (% 20 28en EBn eta % 12 EAEn).
Pandemia kudeatzeko modua ere kritikatu du ELAk, "langile faltarekin, lan karga handiarekin eta segurtasunean eta lan osasunean gabezia handiekin" egin delako. Egoera horren aurrean, ELArentzat bilera horiek "urteetan bultzatutako dinamiken" errepikapenak baino ez dira.
Horregatik, lan egiteko modua aldatzeko eskatu du, sektore publikoak "premiazko konponbideak, hemen eta orain", behar dituelako. Sindikatu horrentzat 50 000tik gorako behin behineko langileen postuen egonkortzetik eta "galdutako erosteko ahalmena eta murriztutako eskubideak" berreskuratzetik etorriko da konponbidea.
Deitoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du "norabide horretan urratsak emateko benetako borondaterik", Kide eta Eskalen Legean sartutako proposamenaren alde egiten duelako. Horrek "ez du inor asetzen, eta talde garrantzitsuak lanpostua egonkortzeko aukerarik gabe" uzten ditu, eta soldata eta "murriztutako" eskubideak berreskuratzeari dagokionez "oso motz" geratzen da.
Horregatik, Jaurlaritzan aldaketa bat lortzeko bide bakarra "mobilizazio dinamika" bat bultzatzea da. "Mobilizazioari ezetz esatea helburua lortzeari ezetz esatea da", esan du ELAk. Sindukatuak ez du ulertzen beste sindikatuek "benetako mobilizazioari ezetz esatea".
Azken bilera
Mahai Orokorraren azken bilera, legegintzaldi honetako lehenengoa, abenduan egin zen. Horren ondoren, Jaurlaritzak 2538 lanpostu berri lan eskaintza publikoan deitzea onartu zuen, lehenetik onartutako 1500ei gehituta: 836 Hezkuntzan, 700 Ertzaintzan eta 1002 Osakidetzan.
Funtzio Publikoko sindikatuekin (ELA, LAB, CCOO eta UGT) ere negoziatzeko tarte berri bat irekiko zuela esan zuen Jaurlaritzak, "enplegu publikoa bultzatzeko", erretiro partzialaren gaineko programa bati buruz hitz egiteko eta Administrazioko langileen soldatari buruzko negoziaketak hasteko.