Ekonomia -
Istiluak PCBn
Ertzaintza salatu du PCBren protestan buruan kolpea jaso zuen CCOOko ordezkariak
Erantzukizunak bideratzeko orduan, borra-kolpea eman zion ertzaina ez ezik, "haren arduradunak" ere kontuan izatea eskatu du aipatu sindikatuko Industria federazioko idazkari nagusiak.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
CCOO sindikatuak Euskadin duen Industria federazioko idazkari nagusi Javi Gomezek salaketa aurkeztu du Ertzaintzaren aurka astearte honetan, PCBren Barakaldoko lantegiaren sarreran agente batek buruan eman zion kolpeagatik.
Lantegi horretan istiluak gertatu ziren atzo, 83 langile kaleratu baitzituzten. Zuzendariak eta greba egin ez duten beharginak lantokira autoz iritsi zirenean sortu ziren istiluak.
Izan ere, bidea ixten ari ziren langileen aurka oldartu zen Ertzaintza, eta agente bat eta hainbat langile zauritu ziren, tartean Gomez bera. Ertzain batek emandako borra-kolpeak sudur-trenkada hautsi zion. Gainera, eskuturrean lesioa eragin zion.
Erantzukizunak bideratzeko orduan, borra-kolpea eman zion ertzaina ez ezik, "haren arduradunak" ere kontuan izatea eskatu du Gomezek, Barakaldoko epaitegien atarian. Loli Garcia sindikatuko idazkari nagusiarekin batera agertu da komunikabideen aurrean, salaketa jartzera joan denean.
"Ironikoa da Eusko Jaurlaritzak duela astebete PCBrekin zuen bilera bertan behera utzi izana langileak biolentoak zirelako. Bortizkeria Ertzaintza ari da erabiltzen, lan-gatazka bat ordena publikoko gatazka bihurtu nahi dute, eta ez diegu utziko", adierazi du Gomezek.
Sindikatuaren ordezkariak esan du PCBko langileek hilabete bat daramatela greba mugagabean, ITP Aeroren filial horretan egin behar dituzten kaleratzeengatik, eta "kolpeak besterik ez" dituztela jasotzen.
"Langile horiek errespetua merezi dute, enpleguaren eta herri honetako industriaren alde ari direlako. Zentzugabekeria itzela da herri honetako poliziaren indarkeria, eta ezin dugu onartu enplegua defendatzen duten langileak piketari bortitzak direla esatea, ez da egia", gaineratu du.
Gomezek adierazi duenez, "zuzenean buruan emandako kolpearen ondorioz edozer gerta zitekeen".