Ekonomia -
LAN GATAZKAK
MTorres enpresak 89 kaleratze iragarri ditu Dorre herriko lantegian
Carlos Ibañez enpresa batzordeko presidenteak kaleratzeak deitoratu ditu. Enpresa bideragarria dela iritzita, kaleratzeak borondatezko irteerekin edo erretiro aurreratuekin ordezkatzen saiatuko dira.
EITB MEDIA | EFE
Aeronautika sektoreari lotutako MTorres enpresak 164 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu du, horietatik 89 Nafarroako Dorre herriko lantegian.
Gainera, 232 langileri eragingo dien aldi baterako lan erregulazioko espedientea (ABEE) iragarri du, martxoaren 15etik abenduaren 31ra bitartean. 232 langile horietatik 185 Dorreko lantegikoak dira.
Enpresako zuzendaritzak bi arrazoi eman ditu kaleratzeak justifikatzeko: batetik, pandemiak handitu egin duela 2019an aeronautika sektorean hasitako egiturazko krisialdia, eta, bestetik, egoera geopolitikoak zaildu egin duela Errusiara edo Txinara esportatzea.
Egoeraren analisia eginda, "egiturazko neurriak" hartu behar direla nabarmendu du zuzendaritzak "egungo krisiari erantzuteko eta taldearen biziraupena bermatzeko".
Dorreko lantegian gehiengoa duen CCOO sindikatuaren esanetan, "albiste txarra" da. Nafarroako lantegian 432 behargin daude.
Martxoaren 15erako iragarritako kaleratzeak deitoratu egin ditu Carlos Ibañez enpresa batzordeko presidenteak, baina, horren esanetan, CCOOk lan egingo du kaleratzeak borondatezko irteerekin edo erretiro aurreratuekin ordezkatzeko. Halaber, eskari horiek babesteko eskatuko diote Nafarroako Gobernuari.