Ekonomia -
Lan-ezbeharrak
Sindikatuek salatu dute azken 4 egunetan hiru langile hil direla EAEn
"Traumatikoak izan ez diren lan-istripuak" dira. Gaur 52 urteko gizon bat hil da Gasteizen, FCCren garbiketa zerbitzukoa.
agentziak | eitb media
ELA, LAB eta UGT sindikatuek gaitzetsi dute azken lau egunetan hiru langile hil direla EAEn, "traumatikoak ez ziren lan-istripuetan".
Sindikatuek jakinarazi dute azkeneko heriotza gaur goizean gertatu dela, Gasteizen. 52 urteko behargina, garbiketa zerbitzukoa, konorterik gabe aurkitu dute lorategi batean, kolpe zantzurik gabe.
Osasun langileak suspertzen saiatu dira, baina FCCn 25 urteko antzinatasuna zuen langilea bertan hil da.
Larunbatean, urtarrilaren 30ean, 50 bat urteko langile bat hilda aurkitu zuen lankide batek Errekaldeko arreta zentroan, Derion (Bizkaia).
Aurreko egunean, ostiralean, 57 urteko langile bat hil zen, Bilboko zaborren tratamendurako instalazioetan konorterik gabe aurkitu eta bi egunera. 13 urte zeraman lanean Sader enpresarentzat.
UGTk uste du Osalanek heriotza horiek "oso aintzat" hartu beharko lituzkeela, "lan-baldintzak, estresak edo pandemiaren egoerak osasunari eta bihotzeko arazoei eragin diezaieketelako".
LABen arabera, "kezkagarria" da traumatikoak ez diren heriotza kopuruaren gorakada, "lan-ezbehar hilgarrien lehenengo kausa bihurtu baitira", eta guztien "atzean bizitza eta lan baldintza eskasak daudelako".
ELAk prebentzio legedia betearazteko neurriak ezar ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta langileei lan zetroetan antolatzeko deia egin die, "urtero 50 pertsona baino gehiago hiltzen dituen injustizia honen aurka borroka" egiteko.