Ekonomia -
Karabanak
"Gehiegizko" behin-behinekotasunaren aurka protesta egin dute langile publikoek
Europako legedia bete dezatela eskatu diete behargin publikoek administrazioei. Donostian, Iruñean eta Bilbon ibilgailuen karabanak egin dituzte.
E. L. | EiTB Media
"Gehiegizko" behin-behinekotasuna salatu eta prekarietatearen kontra protesta egin dute Espainiako langile publikoek. Iruñean, Donostian eta Bilbon ere protesta egin dute. Bilbon ibilgailuen karabana San Mamesetik abiatu da.
Donostian ere, Otsailak 15 Mugimendu Independenteak (MI 15F) deituta, auto karabana egin dute. Europako legedia bete dezatela eskatu diete behargin publikoek administrazioei. "Gehiegizko" behin-behinekotasuna "lege iruzurra" dela ebatzi zuen EBk. Horregatik, zigor bezala aldi baterako langileak finko bihurtzea aldarrikatu dute.
Egia auzotik abiatu da protesta eguerdian. Esan bezala, Bilbon eta Espainiako beste hainbat hiritan gauza bera egin dute.
Ibon Apezetxea MI 15F plataformako bozeramaileak ibilbidearen hasieran azaldu duenez, 1999/70 zuzentaraua betetzea eskatzen dute. "Lanpostu bat behin-behinekoa edo egiturazkoa" noiz den zehazten du arauak, eta honezkero lanpostu asko "lehiaketa publikora atera behar zituzten, baina ez da gertatu".
"Lan eskaintza publiko batera aurkezteko aukerarik gabe urteak daramatzate langile askok", esan du bozeramaileak. "Lan eskaintza publiko askeak sekula ezin dira izan" gehiegizko behin-behinekotasuna aplikatzeko aitzakia, lege iruzurra delako, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2020ko martxoaren 19an zehaztu zuenez.
Horregatik, "lege iruzurrean dauden langile publiko gisa, administrazioentzako zigor bezala finko bihurtzea", eskatu dute.
"Estatuetako legedien gainetik Europako araua betetzea nahi dugu", adierazi du bozeramaileak. Euskadin aldi baterako 58 000 bat langile publiko direla erantsi du. Sektore bakoitzean portzentaje ezberdina da, baina batez beste % 33-40 direla azpimarratu du Apezetxeak.
Iruñean, 60 ibilgailu inguruk hartu dute parte karabanan. Nafarroako hiriburuko erdialdean ibilbidea egin dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aparkalekutik abiatu dira, eta erdialdeko kaleetan ibilbidea egin dute, ondoren abiapuntura itzultzeko.
Amaieran adierazpen bat irakurri dute behargin publikoek. Mobilizazioa "gehiegizko behin-behinekotasuna pairatzen dugun Espainia osoko langile publikoen ordezkaritza txiki bat da", gogorarazi dute.