Ekonomia -

Garraioa

Deskargako bidesariaren aurkako karabana egin dute 100 bat autok eta kamioik

Protesta Urretxuko Mugitegitik atera da, eta Ormaiztegi eta Bergara lotzen dituen errepidean ibilbidea egin du. Hiruren hitzetan, Foru Ogasunaren “diru-bilketa politikaren porrota” agerian geratu da.

Kamioi bat karabanan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Kamioi bat karabanan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Kamioi bat karabanan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100 ibilgailu inguruk karabana batean parte hartu dute larunbat honetan, Deskargan bidesaria jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiaren kontra protesta egiteko, Hiru sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak deituta.

Protesta Urretxuko Mugitegi industrialdetik atera da, eta Ormaiztegi eta Bergara lotzen dituen errepidean ibilbidea egin du, Hiruk ohar batean jakitera eman duenez.

Sindikatuaren ahotan, bidesariak Foru Ogasunaren “diru-bilketa politikaren porrota” agerian utzi du; izan ere, “gasolioa erosten den tokietan ordaintzen diren ia 200 milioi euro galtzen ditu hidrokarburo zergetan”, eta Deskargako bidesariarekin “apurrak bildu” nahi ditu. “Eskualdeko bizilagunek eta garraiolariek ordainduko dute”, salatu du sindikatuak.

Administrazioak pandemiak astindutako beste sektore batzuk laguntzen dituen bitartean, garraiolariei “beste gastu bat kargatu” nahi die, gero bezeroei ezin pasa izango dietena, “gehiago ordaintzera uko egiten diotelako”, Hiruk kritikatu duenez.

Neurriak Aldundiaren “gezurra agerian” utzi du; izan ere, azpiegiturak mantentzeko kostua gipuzkoarrek ordainduko ez zutela ziurtatu zuen foru erakundeak, sindikatuak erantsi duenez. Baina Deskargako bidesaria Goierri, Urola eta Debako enpresetara “egunero doazen langileek” eta lantegi horiek materialaz hornitzen dituzten garraiolariek ordainduko dute, gogorarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Gipuzkoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Bergara Beasain Albisteak Urretxu Sindikatuak Kamioientzako bidesariak Goierri azken ordukoa Debagoiena