Ekonomia -
LAN GATAZKA
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Osakidetzako grebarako
Ospitaleek eta Lehen Mailako arreta zentroek larunbatetan duten langile kopuru berbera izango dute. Gainera, covid-19arekin lotutako zerbitzuetan lan egiten duten langile guztiak arituko dira lanean.
EITB MEDIA
Osakidetzako ospitaleek eta Lehen Mailako arreta zentroek larunbatetako langile kopuru bera izan beharko dute gaur, greba egunean. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak aurreko lanuzteetan Euskal Osasun Zerbitzuan ezarritakoen antzekoak izango dira.
Gainera, pandemiaren eragina dela eta, plantilla bere osotasunean arituko da covid-19aren diagnostikoarekin, zaintzarekin eta miaketarekin lotutako zerbitzuetan, bai eta txertaketa-taldeetan ere.
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek hilaren 15ean erregistratu zuten grebarako deialdia Osakidetzaren lantoki guztietan, Arabako lantokietan urriaren 29an, Gipuzkoan azaroaren 5ean eta hilabete bereko 12an Bizkaian egin ziren grebekin bat eginez.
Sindikatuek "Osakidetzako langileen lan-prekarietatea" salatu eta osasun publikora bideratutako aurrekontu-partida handitzea eskatu nahi dute.
Gutxieneko zerbitzuak
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak greba honetarako gutxieneko zerbitzuen agindua argitaratu du, aurreko deialdietakoaren antzekoa.
Ospitaleetan, larunbat bateko ohiko langile kopurua arituko da lanean altak ematen, larrialdietan, sukaldean, elikagaiak banatzen eta ospitaleratutakoei "behar duten" arreta ematen.
Aurrez zehaztutako dialisi-prozesu eta tratamendu onkologiko atzeraezin guztiak mantendu eta bermatuko dira, baita koronabirusaren proba diagnostikoak egiteko baliabideak ere.
Pertsonen segurtasunerako edo osasunerako arrisku larria eta berehalakoa eragiten duten eremuetan egingo da garbiketa; lan horiek egiten dituzten ohiko langileen ehuneko ehunek egingo dute, langileen eta pazienteen osasuna bermatzeko.
Larrialdiko arreta, covid-19a duten pazienteenganako arreta eta gaixotasun hori detektatzeko probak egitea bermatzeko, Lehen Mailako Arretan, larunbat bateko langile kopuru berarekin arituko dira lanean, garbiketaren kasuan izan ezik, langile guztiek lan egin beharko baitute.
Larrialdi zerbitzuetan eta Etengabeko Arreta Guneetan langile guztiak arituko dira lanean, eta ESIetako “call center” zerbitzuetan, berriz, langileen % 50.
Covid-19 kasuak eta kontaktuak zaintzeko programaren sareko ekipoetan eta infekzio aktiboko test diagnostikoko laginak ateratzeko unitateetan langile guztiek egin beharko dute lan, herritarrei berehalako arreta eta informazioa emateko. Era berean, lan-arriskuen prebentziorako zerbitzuetan eta Prebentzio Medikuntzako zerbitzuetan, langileen % 100 egongo dira.
Koronabirusaren aurkako txertaketa-taldeetako langile guztiek ere egin beharko dute lan.