Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Langileen % 70ek egin du bat haurreskoletako grebarekin, sindikatuen arabera
Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean "gehiegizko" zerbitzu minimoak salatu dituzte, baita "greba desitxuratzeko" zerbitzu horiei buruz egin diren "interpretazio interesatuak" ere.
A. S. | EITB MEDIA
LAB, Steilas eta ELA sindikatuen arabera, Haurreskolak Partzuergoko laugarren greba egunaren jarraipena % 70ekoa izan da; beraz, gainditu egin da asteleheneko mobilizazioan lortutako % 65eko jarraipenaren langa.
Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, eta, besteak beste, "gehiegizko" zerbitzu minimoak salatu dituzte, baita "greba desitxuratzeko" zerbitzu horiei buruz egin diren "interpretazio interesatuak" ere. Kasu askotan, gainera, "xantaiak" egon direla eta "zenbait zentrotan grebarako eskubidearen urraketa" izan dela salatu dute.
"Oztopo guztien gainetik, gaurko grebak % 70eko jarraipena izan du", esan dute sindikatuek, eta otsailaren 22, 23 eta 24rako lanuzte gehiago deitu dituztela gogorarazi dute, "gauzak aldatu ezean".
LAB sindikatuko iturriek adierazi dutenez, ez Hezkuntzatik, ez Haurreskolak Partzuergotik, ez dute bilerarik deitu, eta mobilizazioek egoera desblokeatzeko eta aldarrikapenak aintzat hartzeko balio izatea espero dute.
Eskaera artean daude, besteak beste, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean, dauden akordioak errespetatzea eta betetzea, hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzea eta langileen behin-behinekotasun tasarekin amaitzea, beren lanpostuak egonkortuz.
Halaber, Osakidetzak irakaskuntza publikoan egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniduran Haurreskolak Partzuergoa sartzea eta aurrekontua handitzea eskatu dute.