Ekonomia -

Ongizate energetikoa

Etxebizitzetan tenperatura egokia bermatzeko lege bat proposatu du EH Bilduk

Laguntza ekonomikoak eta teknologikoak aurreikusten dituen lege proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, energiaren faktura etxebizitzako diru-sarreren % 10 baino gehiago izatea galaraziko lukeena.

Etxebizitzak. Argazkia: EiTB
Etxebizitzak. Argazkia: EiTB
Etxebizitzak. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren talde parlamentarioak lege proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean "ongizate energetikoa" bermatzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren herritar guztiek etxean tenperatura "egokia" eduki ahal dezaten eta eskubide hori Administrazioak berma dezan.

Gasteizko Ganberan emandako prentsaurreko batean aurkeztu dute lege proposamena Mikel Otero eta Nerea Kortajarena koalizioko legebiltzarkideek, "pertsonen babesean jauzi kualitatiboa ematea" bilatzen duena.

Oterok azaldu duenez, aurkeztu duten legeak "ongizate energetikoa"-ren kontzeptu "berritzailea" barne hartzen du, "orain arte erabilitako pobrezia energetikoa baino hobea".

"Legea aurkeztu dugun moduan onartuz gero, ongizate energetikorako eskubidea objektiboa eta subjektiboa izango litzateke; Administrazioak bermatu beharreko eskubidea", azaldu du.

Oinarrizko energia horniduraren kontzeptua ere arautzen du proposamenak: "etxebizitzetan 18 eta 25 gradu arteko tenperatura bermatzea" eta, oinarrizko hornidura hori lortzeko, "etxebizitzan bizi direnen diru-sarreren % 10 baino gehiago ez ordaintzea".

Gainera, ongizate energetikoa bermatzeko laguntzen sistemaren "oinarriak" azaltzen dira lege proposamenean, eta dirulaguntzak aurreikusten dira.

Horretarako, hainbat faktore aintzat hartzea proposatzen du, etxebizitza mota, kokalekua, bizikide kopurua, etab.

"Laguntza teknologikoak" ere jasotzen ditu legeak, gailu eraginkorragoak lortzeko laguntzak, energia fakturak murrizte aldera.

Oterok azaldu duenez, oinarrizko energia hornidura bermatzeaz gain, eskubide hori "larrialdi klimatikoarekin" lotu nahi dute, "CO2 isuriak gutxitzeko".

Pobrezia energetikoa

Bestalde, Nerea Kortajarenak azpimarratu du 2008an "okerrera" egin zutela "pobrezia energetikoarekin lotutako datuek", eta ordutik oso "maila altuan" egon direla, "goranzko joera argiarekin". "Milaka dira etxean tenperatura egokia edukitzeko nahikoa diru-sarrera ez duten pertsonak", gaineratu du.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren txosten bat aipatu du, bi urtean etxean tenperatura egokia edukitzeko arazoak dituztenen kopurua % 5,3 hazi dela eta egoera horretan daudenak 200.000 pertsona inguru direla adierazten duena.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra EAE Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa Larrialdi klimatikoa