Ekonomia -

Ostalaritza

'Txotx'ik gabeko 'txotx' garaia, otsailaren 5etik aurrera

Eserita egon beharko dute bezeroek, eta sagardoa pitxarretatik edan. Mahaiko arduradunak izango du altxatu eta pitxarra betetzeko aukera.

Sagardotegien denboraldiaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: EiTB
Sagardotegien denboraldiaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: EiTB
Euskal Herriko lehen sagardoteka ireki dute Astigarragako Ibailur jatetxean

1:32

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021eko sagardotegien denboraldia edo 'txotx' garaia otsailaren 5ean hasiko da, baina covid-19ari aurre egiteko neurrien ondorioz, ezingo da 'txotx'ik egin upelez upel; sagardoa botiletan edo pitxarretan zerbitzatuko da eta bezeroak mahaiaren inguruan eserita egon beharko dira.

Sektoreko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian eta egoera "zailari gogoarekin, ilusioarekin eta pasioz" aurre egiteko konpromisoa agertu dute. Horretarako, protokolo berezi bat jarriko dute martxan, "sagardo berria dastatzeko eta sagardotegietan esperientzia erakargarriaz eta berritzaileaz gozatzeko".

Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Elkarteetako ordezkariek azaldu dute sagardotegien denboraldiko elementu garrantzitsuena "sagardo berria dastatzea" dela, "menu on batekin batera" eta, hori, aurten, "mahaian eserita" egin beharko dela.

Sagardotegiek sagardo berria jarriko dute mahaietan, pitxar eta botila gardenetan, eta bakoitzak azalpen bat eramango du. Informazio txartelean upelaren zenbakia eta dagokion azalpena jarriko dute, bezeroak "uneoro jakin dezan zein sagardo ari den edaten". Gainera, txartelean QR kode bat egongo da sagardoaz eta produktuez informazio gehiago eskuratzeko.

Otorduan mahai bakoitzak arduradun bat izango du, altxatzeko eta pitxarra betetzeko aukera izango duena, sagardotegiko arduradunarekin batera betiere.

Sektoreko ordezkariek esan dute uzta berriaz mahaian gozatzea "apustu berritzailea" dela, baina, aldi berean, "garai bateko kontsumo era berreskuratzea" dela; izan ere, "historian zehar sagardoa pitxarretan zerbitzatu izan da".

Uneotako neurrietan oinarrituta, mahaietan gehienez 6 pertsona eseriko dira, eta zerbitzua mahaian emango da, segurtasun neurriekin. Gainera, urtarrilaren 12ko dekretuaren arabera, sagardotegiak 20:00etan itxi beharko dira.

Uztari dagokionez, sektoreko ordezkariek azaldu dute 2020a ez dela oso oparoa izan, baina "bai izaera handikoa", eta sagardoaren "ezaugarri nagusiak izaera eta gorputza" direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Sagardoa