Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Bost greba egun iragarri dituzte Haurreskolak Partzuergoan

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek bost greba egun deitu dituzte urtarrilaren 25 eta 27rako eta otsailaren 22, 23 eta 24rako.

Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Artxiboko irudia: @LABsindikatua
Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Artxiboko argazkia:
Elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. Artxiboko irudia: @LABsindikatua

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek bost greba egun deitu dituzte Haurreskolak Partzuergoan, langileen lan baldintzen aurrean bai Partzuergoak baita Hezkuntza Sailak ere erakutsitako "negoziatzeko borondate falta" salatzeko. Urtarrilaren 25 eta 27rako eta otsailaren 22, 23 eta 24rako iragarri dituzte lanuzteak.

Sindikatuek prentsaurrekoa egin dute astearte honetan Bilbon, eta Haurreskolak Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren "negoziatzeko borondate faltaren aurrean", eta Haurreskolak Partzuergoaren beraren "etorkizuna arriskuan" jartzen duten "aldebakarreko erabakiak" hartzearen aurrean, "mobilizazio eta greba dinamikekin jarraitzea" besterik ez zaiela geratzen adierazi dute.

Hori dela eta, Haurreskolak Partzuergoko langileak greba egitera deitu dituzte urtarrilaren 25ean eta 27an eta otsailaren 22an, 23an eta 24an, hainbat eskari babesteko.

Eskaera horien artean daude, besteak beste, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean, dauden akordioak errespetatzea eta betetzea, hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzea eta langileen behin-behinekotasun tasarekin amaitzea, beren lanpostuak egonkortuz.

Halaber, Osakidetzak irakaskuntza publikoan egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniduran Haurreskolak Partzuergoa sartzea eta aurrekontua handitzea eskatu dute.

Negoziaketak

Agerraldian, Haurreskolen etorkizunari buruz "argi hitz egiteko" eskatu diote Hezkuntza Sailari. Sindikatuek adierazi dutenez, abenduaren 10eko eta 16ko greben eta mobilizazioen ostean, bilera deitu zuten abenduaren 22an, eta bertatik "zalantza eta kezka gehiagorekin" atera ziren, "lehendik zituztenak baino kezka eta zalantza larriagoekin".

Bilera Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak "ezarritako gai zerrendarekin" egin zutela ziurtatu dute. "Abenduko greba deialdietan aldarrikatzen genituen gaiei ez zieten puntu bakar bat ere eskaini, nahiz eta aldez aurretik eta berariaz eskatu", gaineratu dute.

Azaldu dutenez, kudeaketako langileen aurreakordioa "alde bakarretik berrikustea" da euren asmoa, eta, beraz, ez zuten "negoziaziorako dokumentaziorik aurkeztu". Aurreakordioa duela urtebete sinatu bazen ere, "oraindik ez da bete", gaineratu dute sindikatuek.

"Haurreskolak Partzuergoko lanpostuak egonkortzeko eta enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko prozesua" behar dela uste dute, baita partzuergoa Hezkuntza Sailean sartu eta doakoa izatea ere; izan ere, "bada garaia Haur Hezkuntzako lehen zikloak duen garrantzia aitortzeko (0-3)".

Negoziazio kolektiboaren aurkako "eraso zuzena" eta "alderdi sozialaren lana oztopatzeko" ahalegina salatu dute sindikatuek. Hori dela eta, langileei eta gizarteari egoeraren larritasunaren berri eman eta mobilizazioekin jarraitzeko beharra erakutsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa bideoak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Umeak albisteak gaur