Ekonomia -

Lan-gatazka

ELAk greba deitu du urtarrilaren 27rako eta 28rako eskoletako jangela eta garraioan

Hezkuntza Sailak kolektibo horien "eguneroko arazoak konpontzeko eta negoziatzeko borondaterik ez" duelako hartu du erabakia.

Jangeletako greba baten irudia. Argazkia: Efe
Jangeletako greba baten irudia. Argazkia: Efe
Jangeletako greba baten irudia. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk greba deitu du urtarrilaren 27rako eta 29rako eskola publiko, pribatu eta itundutako jangela eta garraio zerbitzuetan, Hezkuntza Sailak kolektibo horien "eguneroko arazoak konpontzeko eta negoziatzeko borondaterik ez" duelako, eta ez dituelako "zerbitzuko eskaintza, segurtasuna eta lan-baldintzak eta enplegua bermatzeko" neurriak hartzen.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, urtarrilaren 11n Hezkuntza Sailarekin izan zuten bigarren eta azken bileraren ostean, Jaurlaritzak jangelen eta garraio zerbitzuen "benetako apustua egiaztatzen duten datuak eman gabe" jarraitzen du, eta, gainera, "zerbitzu gehigarri gisa" identifikatu zituen eta "zerbitzuen eskaintza zentroen esku" utzi.

ELAk Hezkuntza Sailari leporatu dio jangelen zerbitzuan "errefortzu diskurtsoa"ri eusten diola: "7 milioi euroko kostuarekin, eta ematen duen datu bakarra da 17.000 erabiltzaile gutxiago daudela, eskaintza eta egokitutako espazioen faltagatik".

Sindikatuaren arabera, erabiltzaile gutxiago daudenez, "deuseztatu egin dira behin behineko lanpostu ia guztiak, eta milaka langilek eskubideak galdu dituzte, errefortzuko kontratu deiturikoak betetzen dituztelako baldintza okerragoetan, behin behineko kontratuekin eta lan-ordu gutxiagorekin, Hezkuntza Sailak zentro publikoetarako ezarriak dituen ohiko ratioengatik". Horren harira, "ratioak ezarrita ez dituzten" itunpeko zentroetan edo pribatuetan zer gertatzen ote den galdetu du.

ELAk gogorarazi du Hezkuntza Sailak 180 milioi euro dituela ikasturte honetan eskola jangelentzat eta "erabiltzaileen beherakadagatik, ratioengatik, lanpostu finko eta behin behinekoen suntsipenagatik, ez dute diru hori gastatu behar".

Eskola garraioan, sindikatuak salatu du ez dutela inolako neurririk ezarri eta ez dagoela gutxieneko protokolorik, soilik % 100eko edukiera eta musukoaren erabilera 6 urtetik aurrera.

Horregatik, ELAk "benetako neurriak, negoziatuak" eskatu ditu, "zerbitzuaren eskaintza, segurtasuna, kalitatea eta enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko".

"Zerbitzuen, osasunaren eta pertsonen aldeko benetako apustua exijitzen dugu, gastatu nahi ez izatearen interes bakarraren aurrean", azpimarratu du ELAk, Hezkuntza Sailak "inposizio eta aldebakartasun" jarrerarekin jarraitzen badu, otsailaren 23an eta 24an ere greba egitea baztertzen ez duela adierazi aurretik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Lan gatazkak