Ekonomia -
HONDAKINEN KUDEAKETA
Tapiak isuriak murriztea babestu du, hondakinak EAEtik kanpo eraman behar ez izateko
Sailburuak gogorarazi duenez, industriaren alorrean ingurumena hobetzeko, aurtengo aurrekontua 4 milioi eurora arte bikoiztea aurreikusi dute.
A. S. | EITB Media
Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak epe labur eta ertainerako duen erronka nagusietako bat ingurumena hobetzeko isurketak txikiagotzea da, hondakinak erkidegotik kanpora eraman behar ez izateko.
Tapiak Aguraingo (Araba) OTUA taldearen instalazio berriak bisitatu ditu asteazken honetan; 25 milioi euro inbertitu dituzte nahasketa metaliko konplexuak bereizteko. Gainera, taldeak 13 milioiko beste inbertsio bat aurreikusi du plastikoak tratatzeko.
Gaurko hitzprdu horretan, sailburuak hondakinei behar den balioa eman eta birziklatzen dituzten industrien bultzada txalotu du, eta Eusko Jaurlaritzak ekonomia zirkularraren alde egiten duen apustua berretsi egin du; izan ere, EAE erreferente dela esan du, batez ere industria arloan.
"Gaur egun EAEko 240 industria enpresa inguruk jarri dute martxan eredu zirkularra, eta horietatik 177 enpresa txiki eta ertainak dira", adierazi du sailburuak, bere sailak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez.
Tapiak gogorarazi du aurtengo aurrekontuan EAEko industrian ingurumena hobetzeko diru-laguntzak 4 milioi euroraino bikoiztea aurreikusten dela, eta Europari funtsak eskatu zaizkiola, covid-19aren osteko berreraikuntzarako programaren barruan, arlo horretan ekintzak bultzatu ahal izateko, hondakina murrizteko eta bigarren mailako baliabide edo material bihurtzeko.
Azaldu duenez, duela urtebete Eusko Jaurlaritzak "Euskadi 2030 ekonomia zirkularraren estrategia" onartu zuen, eta dagoeneko hondakinak kudeatzeko plan bat lantzen ari da.
Azken alor horretan, Tapiak adierazi du Zaldibarko zabortegia eraitsi zenean, Mutiloako eta Larrabetxuko zabortegiak itxi egin zirela, eta mota horretako gainerako instalazioek bizitza baliagarri laburra izan zutela; hori dela eta, epe labur eta ertainean, Eusko Jaurlaritzaren "lehentasunezko erronka" isuria minimizatzea da, hondakinak EAEtik kanpora eraman behar ez izateko, eta hondakinak murrizteko.