Ekonomia -

EAEko aurrekontuak

Akordiorik gabe bukatu dute aurrekontu negoziazioa PP+Cs koalizioak eta Jaurlaritzak

"Errealista izan beharrean" aurrekontu proiektua nazionalista dela eta pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreak ahazten dituela iritzita, osoko zuzenketa aurkeztuko du PP+Cs-ek.

Gasteizen astearte honetan izandako bilera. Argazkia: Irekia
Gasteizen astearte honetan izandako bilera
Gasteizen astearte honetan izandako bilera. Argazkia: Irekia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak bukatutzat eman du PP+Cs koalizioarekin Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuekin lotuta abiatutako negoziazioa, hitzordu bakar bat izan ostean, "Carlos Iturgaiz presidentearen eta Luis Gordillo legebiltzarkidearen egoskorkeria dela eta". Biek ala biek iragarri dute osoko zuzenketa aurkeztuko diotela 2021eko EAEko aurrekontu proiektuari.

Ekonomia eta Ogasun Saileko iturriek, bestalde, ziurtatu dute astearte honetan Gasteizen izan duten bilerak ez diela negoziazioekin jarraitzeko aukerarik eman, "oposizioak jarrera itxia erakutsi baitu".

Iturri horrek zehaztu du PP+Cs-ek ez duela proposamen bakar bat aurkeztu, eta Iturgaizek zein Gordillok oso argi zeukatela osoko zuzenketa aurkeztuko zutela "Jaurlaritzak beste alderdi batekin ituna adostu duela argudiatuta".

Uste horren aurrean, Azpiazu harrituta agertu da eta bilera amaitutzat ematea erabaki du.

Gainera, berretsi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela aurrekontuek ahalik eta babesik handiena lortzea, "Euskadiren susperraldirako beharrezkoa delako".

Iturgaizen ustez, aurrekontuak "nazionalistak dira errealistak izan beharrean"

Esan bezala, PP+Cs koalizioak iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko diela aurrekontuei "errealistak izan beharrean nazionalistak direlako eta pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreak ahazten dituztelako".

Iturgaizen esanetan, gaurko hitzordua "adeitsua eta zintzoa" izan da, baina aldi berean "etsigarria". Izan ere, "aholkulari eta txiringito ofizialak izateari ematen dio Jaurlaritzak garrantzia, ostalaritzari, merkataritzari, industriari, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei lagundu beharrean".

"Gure ustez aurrekontu hauek euskal herritarrei aurkeztutako osoko zuzenketa dira, ez dituztelako pandemiagatik mehatxatuta dauden sektoreak kontuan hartu", erantsi du EAEn PPk duen presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Euskadiko PP Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak