Ekonomia -
LAN-GATAZKA
ELAk otsailean euskal sektore publiko osoan greba egitea proposatu du
"Behin-behinekotasunaren gaitzak" kaltetutako 50.000 langile publikoak kontsolidatzea eskatu du sindikatuak.
EITB MEDIA
ELAk otsailaren amaieran euskal sektore publiko osoan greba egun bat deitzea proposatu die gainerako sindikatuei, aldi baterako kontratua duten 50.000 langile publikoak kontsolidatzea eskatzeko.
LAB, CCOO, UGT, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuekin egin duen bileran aurkeztu du proposamena sindikatuak.
Azaldu duenez, mobilizazioen egutegi baten alde egin du, Eusko Jaurlaritzak eta alderdiek "benetako urratsak eman ditzaten sendotze-prozesuak antolatzeko eta, horrela, behin-behinekotasunaren gaitzak kaltetutako 50.000 pertsonek lanpostua kontsolidatu dezaten".
ELAren arabera, gainerako sindikatuek bat egin dute kaltetutako kolektiboarentzat irtenbide bat bilatzeko beharrarekin, eta "gehiengoa" bat etorri da mobilizazioa bultzatzeko beharrarekin, gaur egungo egoera horretarako "egokia" dela iritzita.
Zazpi sindikatuak ostegunean, urtarrilaren 14an, bilduko dira berriro gaia aztertzeko. ELA sindikatuak behin-behineko kontratua duten hainbat langile eramango ditu bilerara "euren planteamendua eta egungo egoera aldatzeko mobilizazioa bultzatzeko beharra partekatzeko".