Ekonomia -

SEKTORE PUBLIKOA

EAEko sektore publikoan mobilizazio egutegia prestatzen ari dira sindikatuak

Sektorean ordezkaritza duten sindikatuek behin-behineko 50.000 langile baino gehiagoren enplegua kontsolidatzea aldarrikatzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza
Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan ordezkaritza duten sindikatuek bilera egingo dute datorren astelehenean (hilak 11), Bilbon, mobilizazio egutegi bat prestatzeko. Eskakizunen artean, behin-behineko 50.000 langile baino gehiagoren enplegua kontsolidatzea aldarrikatzen dute. 

ELAk ohar batean jakinarazi duenez, gainerako sindikatuekin batera ari dira mobilizazio egutegi bat taxutzen.

Sindikatuak azpimarratu duenez, urteak daramatzate "behin-behinekotasunaren gaitza" salatzen. Zehazki, EAEko sektore publikoan (Osakidetza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, administrazioa, etab.) lan egiten duten hamar beharginetatik lau "behin-behineko" langileak dira.

"Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena dugu. Europako auzitegiek ere gaitzetsi izan dute EAEko sektore publikoan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzea", gaineratu du.

ELAren hitzetan, azken hilabeteetan Espainiako Gobernuak asmoa agertu du "Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EPOE) aldatzeko eta sektore publikoan behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak hartzeko". Ildo horretan, ELAk uste du balizko aldaketa horrek ahalbidetu behar duela "langile publikoen enplegua bermatzea ekarriko duten kontsolidazio prozesuak egitea.

Amaitzeko ELAk nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoek bide horretan "egiazko pausoak" eman ditzaten sindikatuak aspaldidanik ari dira euskal sektore publikoan mobilizazioak bultzatzeko lanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna EAE albisteak Euskal Eskola Publikoa Lana Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuak Espainian