Ekonomia -
Ipar Euskal Herria
Hegazti-gripearen agerraldiak 61 dira dagoeneko Frantziako Estatuan
48 foku Landetan antzeman dituzte, eta beste batzuk Pirinio Atlantikoetan. Animaliak modu prebentiboan hiltzeko baimena beste 13 udalerritara zabaltzea erabaki du Nekazaritza Ministerioak.
E. L. | EiTB Media
Azken egunetan hegazti-gripearen agerraldiek gora egin dute nabarmen Frantzian. Dagoeneko 61 dira, gehienak hego-mendebaldean, Ipar Euskal Herritik gertu.
Urtarrilaren 1era arte 61 foku zenbatu dira, Nekazaritza Ministerioak igande honetan azaldu duenez. Horietako 48 Landetan antzeman dituzte, eta beste batzuk Pirinio Atlantikoetan.
Abenduaren 29an argitaratutako azken balantzean, 21 agerraldi zenbatu zituzten Frantzia osoan, horietatik 8 Landetan.
Egoerak okerrera egin duela ikusita, animaliak modu prebentiboan hiltzeko baimena Landetako eta Pirinio Atlantikoetako beste 13 udalerritara zabaltzea erabaki du ministerioak. Horrela, prefetek animaliak hiltzeko agindua eman dezakete, gripea zabaltzea eragozteko.
Baieztatutako agerraldien inguruan dauden haztegietan animalien hilketa selektiboa erabakitzeko aukera dute bertako agintariek. Horrela, hegazti-gripeaz kutsatzeko arriskua izan dezaketen espezieak hiltzea posible litzateke kilometro bateko inguruan, eta palmipedo guztiak eta beste hegazti batzuk aire zabaleko haztegi batzuetan hiru kilometroko eremuan.
Nekazaritza Ministerioak gogorarazi duenez, pertsonak ez dira gripeaz kutsatzen haragia, arrautzak, gibel-orea edo beste elikagaiaren bat janda. Frantziak, “Europako beste herrialde ugarik bezalaxe”, asteak daramatza hegazti-gripe agerraldiekin, “patogeno oso kutsakorra”, gaineratu du Exekutiboak.