Ekonomia -

Lan-istripua

Urumeara erori zen Ertzaintzaren autoan aurkitutako bi bala arrasto ikertzen ari dira

Udaltzaingoa eta Ertzaintza aztertzen ari dira auto barruan gidariaren leihoaren aurka jotako bi tiroak. Gainera, kamera batek grabatutako irudiak ere badituzte.

Urumeara erori zen Ertzaintzaren autoa. Argazkia: Efe
Urumeara erori zen Ertzaintzaren autoa. Argazkia: Efe
Atzo Donostian istripua izan zuen patruilak bi tiro zituela adierazi du Erkorekak

0:59

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza eta Donostiako Udaltzaingoa ikertzen ari dira atzo Gipuzkoako hiriburuan Urumea ibaira erori zen Ertzaintzaren autoaren gertakaria eta, kamara batek grabatutako irudiez gain, auto barruan gidariaren leihoaren aurka jotako bi tiroren arrastoak aztertzen ari dira.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburua Iñigo Etxarri hildako agentearen beilatokian izan da gaur, eta ondoren Donostiako Ospitalera joan da, Urumeara erori zen eta bizirik ateratzea lortu zuen beste agentea bisitatzera.

Erkorekak beilatokitik atera denean azaldu duenez, Donostiako Udaltzaingoarena da ikerketaren ardura, baina Ertzaintzarekin ari da elkarlanean.

Sailburuak jakinarazi du autoan bi bala tiroren arrastoak zeudela, barrutik egindako tiroenak, eta gidariaren leihoan. Hori da aztergaietako bat, agente baten heriotza eragin zuen gertakariaren nondik norakoak argitze aldera.

"Ikertu egin behar da bi bala tiro horien jatorria non dagoen zehazki jakiteko, nola egin ziren eta zer argi dezaketen Iñigo Etxarriren heriotzaren arrazoien inguruan", adierazi du Segurtasun sailburuak.

Erkorekak ez du xehetasun gehiago eman horren inguruan, baina aukeretako bat omen da tiroak biktimak berak egin izana leihoa apurtu eta autotik ateratzeko.

Irudiak eta deklarazioa

Horrez gain, kanpoaldean gertatu zena grabatu zuen kamera baten irudiak ere badituzte eskuartean, autopsiaren emaitzen zain daude, eta zauritutako agentearen deklarazio osoa jasoko dute, autoaren barruan zer gertatu zen jakiteko.

Izan ere, oraingoz bizirik atera zen agentearen lekukotza "partziala" besterik ez omen dute, baina datozen orduetan senda-agiria jasotzea eta ospitaletik ateratzea espero dutenez, deklarazio "orekatuagoa" jasotzeko moduan egongo direla espero du Erkorekak.

Lankideek prebentzio neurriak eskatu dituzte

Ertzaintzako eta Donostiako Udaltzaingoko agenteek elkarretaratze isila egin dute ertzainaren heriotzaren aurrean dolua agertzeko, eta Segurtasun Sailari prebentzio neurriak eskatzeko.

Ondarretako komisaldegiaren aurrean izan da elkarretaratzea, bertako langileak baitira ezbeharreko bi biktimak.

Ertzaintzaren Osasun Batzordean ordezkariak dituzten sindikatuek deituta (Erne, ELA, ESAN eta Euspel), ordu laurdeneko isilunea egin dute "Lan istripu gehiagorik ez" leloa zeraman pankartaren atzean.

Ekitaldian parte hartu dute uniformedun eta kaleko jakintzako ertzainek, baina baita Donostiako udaltzainek ere, hildakoa udaltzain izan baitzen ertzain sartu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Donostia Ertzaintza Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak