Ekonomia -
MUGIKORTASUNA
Bidesariak 2 eta 16 zentimo artean igo dira Bizkaiko errepideetan
Erabiltzaileentzako gastuaren gehienezko muga ere eguneratu da. Bidesaria programari atxikitako bizkaitarrek hilean 33,45€ ordainduko dituzte gehienez, ordainpeko foru bideetan egindako ibilbideetan.
EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak 2021erako bidesarien tarifak bi eta 16 zentimo artean igo ditu AP-8an, Hegoaldeko Saihesbidean eta Artxandako tuneletan.
Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, AP-8an ibilgailu arinen tarifak 2 eta 16 zentimo artean igoko dira. Prezioa 0,40 eurokoa da ibilbide laburrenean (Ermua- Gipuzkoako muga), eta 5,01 eurokoa ibilbide luzeenean (Galdakao - Gipuzkoako muga).
Ibilbide beretan, 0,73 eta 12,21 euro ordainduko dituzte (0,03 eta 0,47 euro gehiago) I motako ibilgailu astunek; eta 0,84 eta 13,76 euro (0,03 eta 0,53 euro) II motakoek.
Hegoaldeko Saihesbidean — doakoa 00:00etatik 06:00etara— ibilgailu arinek 0,57 euro ordainduko dituzte ibilbide laburrenetan (Bilbo Ekialdea - Bilbo Hegoaldea eta Bilbo Hegoaldea - Ortuella), gaur egungo tarifa baino 3 zentimo gehiago. Ibilbide luzeenean (Bilbo Ekialdea – Santurtzi), tarifa 1,39 eurokoa da, 6 zentimo gehiago.
I motako ibilgailu astunek 2,12 eta 5,07 euro ordainduko dituzte (0,09 eta 0,22 euro gehiago); eta II motakoek, 2,40 eta 5,72 euro (0,10 eta 0,25 euro gehiago).
Artxandako tunelen tarifak — doakoak 00:00etatik 06:00etara — 4 zentimo igoko dira mota guztietako ibilgailuetarako. Honela geratuko dira: 1,27 euro ibilgailu arinentzat eta 1,34 euro I eta II motako ibilgailu astunentzat.
Gastuaren muga
Azpiegitura horien erabiltzaileentzako gastuaren gehienezko muga ere eguneratu du Aldundiak. Bidesaria programari atxikitako bizkaitarrek hilean 33,45 euro ordainduko dituzte gehienez, ordainpeko hiru foru bideetan egindako ibilbideetan.
Gastuaren muga 48.93 eurokoa izango da hilean, AP-8an (Gipuzkoa) edo AP-1ean (Araba) ordaindutako bidesarietan, betiere bidaia Bizkaian hasi edo amaitzen bada.