Ekonomia -
Tokiko merkataritza
Merkataritza-bonuak otsailaren 28ra arte erabili ahal izango dira Euskadin
Orain arte trukatu ez diren bonuak berriz banatuko dira esleitutako bonu guztiak trukatu ez dituzten establezimenduetako batzuetan. Dagoeneko 431.312 bonu trukatu dira (% 82,68).
Agentziak| EITB Media
"Euskadi Bono Denda" programaren baitako merkataritza-bonuak otsailaren 28ra arte trukatu ahal izango dira, sektoreak hala eskatuta, Erregeen kanpaina eta urtarrileko beherapenak barne hartu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Sailak ohar batean azaldu duenez, orain arte trukatu ez diren bonuak berriz banatuko dira esleitutako bonu guztiak trukatu ez dituzten establezimenduetako batzuetan. Guztira, 5.666 establezimenduk egin dute bat hasiera batean bihar amaitzen zen ekimenarekin.
Dagoeneko 431.312 bonu trukatu dira (% 82,68), 4.313.120 euroko zenbatekoaz eta 12.939.360 euroko eragin ekonomikoaz. Lurraldez lurralde aztertuta, guztira 2.434.860 euroko bonuak trukatu dira Bizkaian, 1.239.100 eurokoak Gipuzkoan eta 639.160 eurokoak Araban.
“Euskadi Bono Denda” bonuak 10 euroko beherapen-txartelaren ereduan oinarritzen dira, eta 30 euroko gutxieneko erosketetarako dira. Bonuak online plataformaren bidez kudeatzen dituzte establezimenduek beraiek. Horietan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 18 urtetik gorako pertsonek gastatzen dituzte bonu horiek, lauko mugarekin.