Ekonomia -
Protesta
Osakidetzako lantaldea "premiaz" handitzea eskatu dute sindikatuek
Hainbat osasun-langilek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Euskadiko anbulatorio eta ospitale batzuen aurrean. Salatu dute, halaber, osasun-sistema publikoaren egoera.
Agentziak | EITB Media
Hainbat osasun-langilek, Satse, ELA, LAB, CC OO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte berriro ere asteazken honetan Euskadiko anbulatorio eta ospitale batzuen aurrean. Protestaren helburua izan da osasun-sistema publikoaren egoera salatu eta Osakidetzako lantaldea "premiaz" handitu behar dutela galdegitea.
Protestak Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dituzte, Deustuko anbulatorioaren aurrean, Donostia Ospitalearen kanpoaldean eta Santiago Ospitalearen aurrean, hurrenez hurren. Sindikatuek salatu nahi izan dute Osasunaren Euskal Sisteman “arazo estrukturalak” daudela.
"Osakidetzaren egoerak ez du hobera egiten, eta arazoak ez dira konpontzen ari", nabarmendu du, komunikabideen aurrean, Amaia Mayor Satse osasun-langileen sindikatuko ordezkariak, Deustun egindako elkarretaratzean. Bertan, ehun bat lagunek hartu dute parte.
Protestan izan direnek "kalitatezko" osasun publikoa eskatu dute, eta langileen eskubideak aldarrikatu dituzte, kartelak eta pankartak baliatuz. Halaber, oihuen bidez, adierazi dute osasun-langileak "borrokan" daudela, eta eskatu dute diru gehiago erabiltzea ospitaleetarako.
Deustuko Etengabeko Arretako Gunea gauez ixtea erabaki dutela ere gaitzetsi dute; izan ere, Etengabeko Arretako Guneetan zerbitzua murriztuz gero, ospitaleak kolapsatzeko arriskua egon badago.
Sagardui sailburuaren "hitz onak", baina Osakidetzak "orain behar ditu irtenbideak"
Bozeramailearen esanetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, astearte honetan sindikatuekin izandako bilera telematikoan, "hitz onak" izan zituen, "eta negoziatzen jarraitzeko asmoa ere bai", baina Osakidetzak, gehitu duenez, "orain behar ditu konponbideak, eta horregatik jarraituko dugu mobilizazioak egiten".
Nabarmendu duenez, egungo egoeran, covid-19aren aurkako txertaketa hasita, "premiazkoa da lantaldeak handitu eta egonkortzea, langile ezaren aurka borrokatzeko".
"Lantaldearen ahalegina esplotatzen jarraitzeaz gain, Osasun Sailak ez du bestelako neurririk proposatu. Orain, covidaren aurkako txertaketa dugu, eta ikusten ari gara erizainen kopurua txikiegia dela Lehen Arretan. Lan-eskubideetan, murrizketak daude, lantaldearentzat, eta pandemian egindako ahalegina ez dira kontuan izaten ari, gehitu du Satseko ordezkariak.
Esan duenez, arazoak konpontzeko irtenbiderik eskaini ezean, sindikatuek mobilizazioei eutsiko diete, eta urtarrilaren 28rako Osakidetzako zentro guztietan deituta dagoen greba-deialdiak bere horretan jarraituko du.