Ekonomia -
LAN ISTRIPUA
Ertzain bat hil da Donostian, Ertzaintzaren autoarekin Urumeara erorita
Beste ertzaina arin zauritu da eta Donostia Ospitalera eraman dute. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, autoa ibaira erori da Maria Cristina zubiaren parean.
EITB MEDIA
47 urteko ertzain bat hil da goizaldean Donostian, Ertzaintzaren autoarekin Urumea ibaira erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ibilgailuan zihoan ertzainetako bat zauri arinekin erreskatatu dute, eta bigarrenaren gorpua auto barruan topatu dute.
Hildako ertzaina, Ertzaintzaren XIX. promoziokoa, Donostiako bizilaguna zen. Zauritutako ertzainak, bere aldetik, 28 urte ditu eta gipuzkoarra da. Ertzaintzaren XXVIII. promoziokoa da eta lanean hasi berria.
Istripua 03:25 aldera gertatu da. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, Ertzaintzaren autoa Urumea ibaira erori da Maria Kristina zubiaren parean. Ertzaintzaren autoa oinezkoentzako Egiako pasabidetik zetorren.
Ezbeharraren unean bi agente zihoazen autoan. Ertzainetako bat bere kabuz atera da autotik eta ondoren suhiltzaileek eta ertzainek erreskatatu dute. Uretatik ateratakoan, zauri arinekin eta hipotermia zantzuekin eraman dute Donostia Ospitalera. Dena den, hobera egiten ari da.
Bigarren ertzaina, ostera, ibilgailuaren barruan harrapatuta gelditu da. Garabi batek atera du autoa 09:15ean eta bertan aurkitu dute hilotza.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertaturikoaren nondik norakoak argitzeko.
Istripuaren tokitik bertatik Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, ezbeharra izan da bart gertaturikoa. Antza denez, autoak barandaren tokirik ahulena jo du eta, ondorioz, ibaira erori da. Gaineratu duenez, istripua izan duten ertzainak zaintza lan arruntetan ari ziren.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez, "ezbehar-mukuru batek" eraman du Ertzaintzaren ibilgailua ibaitik erortzera.
Donostian hil den ertzainaren aurkako mezuak salatuko ditu Eusko Jaurlaritzak
Asteazken goizaldean Donostian hil den ertzainaren aurka sare sozialetan zabaldutako gorroto-mezuak salatuko ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, Ertzaintzaren autoarekin Urumea ibaira erorita hil da 47 urteko langilea.
Hala, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiari baieztatu dionez, sare sozialetan ertzain horren kontra zabaldutako gorroto-mezuak salatuko ditu Eusko Jaurlaritzak auzitegietan.
Ertzaintzako sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegunean Donostian
Ertzaintzaren lan segurtasun eta osasun batzordean ordezkaritza duten ErNe, Esan, ELA eta Euspel sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako Ondarretako ertzain-etxearen aurrean, hildako ertzainaren omenez.
Beren babes osoaz gain, deitzaileek doluminak helarazi dizkiete hildako lankidearen senide eta lagunei. Azaldu dutenez, osteguneko kontzentrazioan "lan istripuaren zergatiak" argitzeko eskatuko diote Segurtasun Sailari, "beharrezkoak diren prebentzio neurri guztiak har daitezen eta horrelako gertaera bat berriro gertatu ez dadin".