Ekonomia -

Akordioa

Unicaja eta Liberbankeko administrazio kontseiluek bi taldeek bat egitea onartu dute

Manuel Azuaga Unicaja Bankuko egungo presidenteak bere funtzio exekutiboei eutsiko die, eta administrazio kontseiluko buru izango da. Manuel Menendez, berriz, kontseilari delegatu gisa arituko da.

Unicaja eta Liberbank bankuen kontseiluek bat egiteko proiektua onartu dute. Argazkia: EFE
Unicaja eta Liberbank bankuen kontseiluek bat egiteko proiektua onartu dute
Unicaja eta Liberbank bankuen kontseiluek bat egiteko proiektua onartu dute. Argazkia: EFE

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unicaja eta Liberbank bankuen administrazio kontseiluek begi onez ikusi dute bi taldeek bat egiteko proiektua. Gauzak horrela, Malagan egoitza duen erakundeak Asturiasko bankua xurgatuko du, Espainiako bosgarren bankurik garrantzitsuena sortzeko, aktiboak eta gordailuak kontuan izanda, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak astearte honetan jakinarazi duenez.

Testuinguru horretan, Liberbankeko akziodunek Unicajaren akzioak jasoko dituzte, eta Liberbank desagertu egingo da, horren akziodunek likidaziorik jaso gabe eta euren ondare guztia Unicaja Banken esku utziz; Liberbankeko akziodunentzat inolako konpentsazio osagarririk aurreikusi gabe. Gauzak horrela, Unicaja Bankuak oinordetza unibertsal bidez Liberbanken eskubide eta betebehar guztiak eskuratuko ditu.

Liberbanken akzioen trukeari erantzuteko, Unicaja Bankuak gehienez ere 1.075.299.764 akzio arrunt izango ditu, bakoitza euro bateko balio nominalean jaulki beharrekoak. Horrek esan nahi du kapitala gehienez ere 1.075.299.764 euro handituko dela, baina zenbateko hori Liberbanken zenbatekoaren arabera alda daiteke, amortizatu egingo baitira.

Ildo horretatik, Manuel Azuaga Unicaja Bankuko egungo presidenteak bere funtzio exekutiboei eutsiko die eta administrazio kontseiluko buru izango da. Behin kontseilua osatuta, Liberbankeko egungo lehen exekutiboa, Manuel Menendez, erakundearen kontseilari delegatu gisa izendatuko du lehen saioan, eta Unicaja Bankuan izango du kargu horren ardura eta funtzioak.

Aurreikuspenen arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoaren amaieran edo hirugarren hiruhilekoaren hasieran amaituko da bi bankuek bat egiteko prozesua. Bat-egite proiektuaren arabera, banku berriaren egoitza Malagan egongo da, Unicaja Bankuaren egoitza dagoen lekuan, hain zuzen ere.

Erakunde berriak, printzipioz, 9.972 langile izango ditu (6.274 Unicaja Bankukoak eta 3.698 Liberbankekoak) eta 1.608 bulego (1.029 Unicajarenak eta 579 Liberbankenak). Unicajak eta Liberbankek jakinarazi dutenez, bat-egitea gauzatu osteko prozesua amaitutakoan aztertuko dituzte akordioak eragindako bikoizketak, horren inguruko erabakiak hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Asturias