Ekonomia -
MERKATARITZA
Euskadi izan da txikizkako merkataritza gutxien jaitsi den erkidegoetako bat
Salmentek % 2 egin dute behera; eta Estatu espainiarrean, berriz, % 5,8. Enpleguari dagokionez, EAEko txikizkako merkataritzak enpleguaren % 1,2 galdu du, Espainiako batez bestekoaren ia erdia.
eitb media
Euskadi izan da, azaroan, txikizkako merkataritza gutxien jaitsi den erkidegoetako bat: % 2, pasa den urteko azaroarekin alderatuta.
Madrilgo erkidegoan baino ez dira igo txikizkako salmentak (% 0,6). Gutxien jaitsi diren erkidegoak Galizia (% -1,4), Valentzia (% -1,8) eta EAE dira.
Estatu osoko datuei begira, % 5,8koa izan da jaitsiera, azaroan egiten den “Black Friday” kontuan hartuta.
Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera, beheranzko joera hori etengabea izan da martxotik, lehenengo alarma egoera ezarri zenetik hain zuzen ere.
Azaroko jaitsiera honekin, aurten metatutakoa batez beste % 4,2 jaitsi da Euskadin; Espainiako batez bestekoa baino gutxiago (% 7,4).
Enplegua
Aurten EAEko txikizkako merkataritzak enpleguaren % 1,2 galdu du, Espainiako batez bestekoaren ia erdia (% -2,3).
Estatu espainiarrari erreparatuz gero, azaroko datuak okerrenak izan dira maiatzetik: % 20,1 murriztu da, urriko datua baino 3,5 puntu baxuagoa.
Nafarroako datuak
Nafarroako txikizkako merkataritzaren indizearen arabera, % 3,4 gutxitu dira salmentak.
Halaber, azarora arte, urteko jaitsiera metatua % -6,9koa izan da.
Enpleguari dagokionez, Nafarroan urtebeteko tasa % 4,1 jaitsi da, urteko tasa metatua baino puntu bat eta hiru hamarren txikiagoa..