Ekonomia -

LAN GATAZKA

Aernnovako langileek hiru greba egun deitu dituzte kaleratzeen aurka

Abenduaren 21ean, 22an eta 23an egingo dute. Berantevillako lantegiko enpresa batzordeak otsailerako aurreikusitako 82 kaleratzeak atzera botatzeko eskatzen du eta auzia epaitegietara eraman dezakete.

Aernnovako langileak pankartaren atzean, gaur Gasteizen. Argazkia: @LAB_INDUSTRIA
Aernnovako langileak pankartaren atzean, gaur Gasteizen.
Aernnovako langileak pankartaren atzean, gaur Gasteizen. Argazkia: @LAB_INDUSTRIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 21ean, 22an eta 23an greba egingo dute Aernnovaren Berantevillako lantegiko langileek, enpresak otsailaren 1etik aurrera egin nahi dituen 82 kaleratzeak salatzeko. Sindikatuek ohartarazi dutenez, enpresak ez badu lan erregulazioko espedientea (EEE) atzera botatzen, auzitegietara joko dute.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan elkarretaratzea egin dute gaur goizean, zuzendaritzak aurkeztutako EEEa bertan behera uztea eskatzeko. Hain zuzen ere, ostiralean amaitu zen kontsulta epea eta ez zuten adostasunik lortu zuzendaritzarekin.

Hasieran 101 langileri eragingo zion lan erregulazioko espedientea 82 kaleratzetara murriztu da. Otsailaren 1etik aurrera hasiko lirateke kaleratzeak.

Abenduaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean beste elkarretaratze bat egingo dute, Goberanuaren "inplikazioa" eskatzeko eta kaleratzeak sahiesteko laguntza eskatzeko.

Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko presidenteak berretsi duenez, batzordea edozein neurri onartzeko prest dago: aldi baterako lan erregulazioko espedientea (ABEEE), lanegunetan murrizketak aplikatzea, bajak eta eszedentziak, baina ez neurri "traumatikoak".

Salatu duenez, enpresako arduradunek ez dute negoziatu nahi izan inolako alternatibarik.

Era berean, instituzioek Aernnovaren egoeraren aurrean izan duten jarrera "lotsagarria" azpimarratu du berriz ere. Gomezek gogorarazi duenez, enpresak 150 milioi euro jaso ditu aurrekontu publikoetatik eta tamalgarritzat jo du, hori horrela izanda ere, instituzioak kaleratzeak geldiarazteko esku hartu ez izana.

Enpresa batzordeko buruak azaldu duenez, Europa osoan koronabirusaren kontrako txertaketaren hasiera dela eta, aurreikuspen ekonomikoak hobetzen hasi dira eta aeronatikaren sektoreak izango duen eskariaren aurreikuspenak ere hobera egin du. Beraz, egoera hori aitzat hartuta, "Aernnovaren erabakiak ez du justifikaziorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Grebak Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresen albisteak Lan gatazkak Añanako Kuadrilla gaur